69. Donostia Zinemaldian eskaintzeko hautatuak izan diren espainiar Estatuko ekoizpenen berri eman du gaur goizean jaialdiak prentsa ohar bidez. Lau dira Sail Ofizialean lehiatuko diren filmak: Maixabel (Icíar Bollaín), El buen patrón (Fernando León de Aranoa), La abuela (Paco Plaza) eta Quién lo impide (Jonás Trueba). Mikel Gurrearen Heltzear euskal laburra, aldiz, Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da ikusgai, Veneziatik bueltan.

Hamalau dira, orotara, Donostia Zinemaldiko aurtengo edizioko Sail Ofizialean, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Perlak sailetan eskaintzeko hautatu dituzten espainiar Estatuko produkzioak. Horien artean lauk hartuko dute parte Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian, eta beste lau sail nagusian proiektatuko dituzte, baina lehiaketaz kanpo. New Directors atalean, aldiz, bi proposamen lehiatuko dira, eta Horizontes Latinos eta Perlak sailetan, ekoizpen bana. Zabaltegi-Tabakaleran, azkenik, bi film izango dira, tartean, Mikel Gurrea zinemagile donostiarrak zuzendu duen eta 2021eko Kimuak katalogoan ere badagoen Heltzear laburra. Veneziako Orizzonti sailean lehiatuko da film irail hasieran, euskaraz entzun ahal izango den historiako lehen ekoizpena.

2008-2011 epealdian gauzatutako Langraiz Bidea planak ahalbidetutako testuinguruan, ETAk hildako Juan Mari Jauregi politikari sozialistaren alargun Maixabel Lasak senar ohiaren hiltzailearekin izandako elkarrizketatik abiatutako film homonimioa aurkeztuko du Bollaínek. Iragan negu eta udaberrian osatu zuten errodajea, eta azken hiletan, filmaren kartela ez ezik, areto komertzialetako estreinaldia noiz izango den iragarri dute: irailaren 24an, Zinemaldiaren bigarren astean.

Fernando León de Aranoak, aldiz, hirugarrenez hartuko du parte Sail Ofizialean El buen patrón  kontakizun tragikomikoarekin. Laneko harremanei zein tratu pertsonalei buruzko begirada basatia eskainiko du bertan. Beldurrezko generoan trebatutako Paco Plaza valentziarra, ostera, lehen aldiz lehiatuko da La Abuela proiektuarekin; Carlos Vermutek idatzi du istorioa Plazaren jatorrizko ideia batean oinarrituta. Jonás Truebak, bere aldetik, Rafael Berrioren Quién lo impide kantan oinarrituta izendatu du bere lanik berriena, eta nerabe gazte batzuen gogoetak, orainari buruzko aburuak eta etorkizuneko itxaropenak jaso ditu bertan.

Sail Ofizialean, baina lehiaketaz kanpo, izango dira ikusgai, azkenik, Manuel Martín Cuencaren La hija filma, Alejandro Amenabarrek zuzendutako La Fortuna akzio eta abenturazko telesaila, Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil film labur dokumentala (inaugurazio ekitaldian), eta Daniel Monzónen Las leyes de la frontera luzea (itxiera ekitaldian).

Gainerako sailetako filmak

Aste honen hasieran iragarri zuen Zinemaldiak Kutxabank – New Directors sailean lehiatuko diren hamahiru filmen zerrenda, eta tartean dira Javier Marco eta Selman Nacar. Lehenak, Belén Sánchez-Arévalo gidoilariarekin batera, Josefina aurkeztuko du, eta bigarrenak Turkiarekin koproduzitutako Iki Safak Arasinda filmean errealizadore lanak egin ditu.

Horizontes Lationos sailari dagokionez, Iván Fundek Piedra noche aurkeztuko du, 2020an WIP Latam Industria saria jaso zuen kostaldeko herri txiki batean girotutako drama fantastikoa, eta Gurrearen Heltzear laburrarekin batera, Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da ikusgai Helena Girón eta Samuel M. Delgadoren Eles transportan a morte luzea, Ikusmira Berriak egitasmoan parte hartu zuen proiektua. Perlak atalean, azkenik, Gaston Duprat eta Mariano Cohn zinemagile argentinarren Competencia Oficial estreinatuko dute, Oscar Martínez, Penélope Cruz eta Antonio Banderas protagonista dituen zinemaren munduan girotutako tragikomedia.

Informazio osagarria Donostia Zinemaldiaren webgunean.