2020ko Kimuak katalogoan hautatu zuten Koldo Almandoz eta Maria Elorzak osatutako Quebrantos laburra, eta ordutik, nazioarteko 40tik gora jaialditan hartu du parte eta Euskal Herriko dozena bat festibaletan. Abuztuan ere ez du etenik egingo, eta Txilen, Kolonbian, Brasilen, Katalunian eta Asturiasen izango da ikusgai.

Euskadi Irratian Maite Artola kazetariak Ziortza Linaresi egindako elkarrizketatik abiatzen da Quebrantos. 2017ko azaroaren 24an izan zuten solasaldia Faktorian saioan, eta senar ohiarengandik tratu txarrak jaso zituen Linaresek eginiko aitortzek erabat hunkitu zuten Almandoz. Elorzarekin jarri zen harremanetan orduan, labur bat egiteko proposamena luzatuta, eta internetetik hartutako irudiekin zein haiek laburrerako sortutako materialarekin jantzi zuten zazpi minutuko elkarrizketa.

Filma aurkeztekotan zirela, Covid19aren pandemiak kolpatu gintuen, eta filma non eta nola estreinatu erabakitzen ari zirela, Kimuak katalogorako hautatuak izan zirela jakin zuten. Ordutik, 50etik gora jaialditan lehiatu da lana, hala nola, Argentinan, Brasilen, Kanadan, Txilen, Kolonbian, Hego Korean, Egipton, AEBtan, Indian, Italian, Mexikon, Herbehereetan eta Turkian, eta dozenatik gora sari erdietsi ditu, bizpahiru aipatzearren, Bartzelonako La mida no Importa jaialdiko film labur onenarena, Seattle International Film Festivaleko epaimahaiaren aipamen berezia eta Argentinako Bendita Tú jaialdi independeteko CIMA saria.

Datozen asteetan, halaber, Santiagoko (Txile) Euskadiren delegazioan, Puigcerdàko (Katalunia) Cerdanya Film Festival jaialdian, Barranquillako (Kolonbia) Festival Internacional de Cortometrajes Cine a la Calle jaialdian, Sao Pauloko (Brasil) International Short Film Festival topaketan eta Gijóngo (Asturias) Certamen de Cortometrajes Live Action jaialdian eskaintzeko hautatua izan da laburra, sari gehiago poltsikoratzeko bidean!

Filmaren inguruko xehetasun guztiak eskuragai dituzue Txintxua Film eskoiztetxearen atarian.