Irailaren 1etik 11ra luzatuko den Veneziako 78. Zinemaldian lehiatzeko hautatu dute Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren Heltzear laburra. 2000. urteko Donostian, euskal gatazka aktiboaren testuinguruan, girotutako filma aurtengo Kimuak katalogoko zortzi lanen artean dago, eta Venezian parte hartzen duen euskarazko lehen ekoizpena izango da.

Sara izeneko hamabost urteko eskalatzailea da Heltzear laburreko protagonista. Alboan ez duen nebarentzako gutun bat idatziko du bere bizitzako igoerarik zailenari aurre egiteko entrenatzen duen bitartean. Filma Donostian, Andoainen eta Diman errodatu zuten, eta aktore ez diren Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago gazteek antzeztu dituzte pertsonaia nagusien paperak.

Bada, donostiarraren laugarren film laburra Kimuak katalogorako hautatu zuten iragan ekainean, eta Euskadiko Filmategiaren banaketa sarearen bidez, Veneziako Zinemaldiraino helduko da irailean. Hilaren 1etik 11ra ospatuko dute festibalaren 78. ekitaldia, eta sortzaile euskaldunaren ekoizpena Orizzonti atalean lehiatuko da. Hain zuzen, jaialdi italiar entzutetsuan parte hartzen duen euskarazko lehen proposamena izango da.

Gurreak Bartzelonan egin zituen ikus-entzunezko ikasketak, eta handik Londresera joan zen zinemagintzan masterra egitera. Primo (2008), The cats on the roof (2009), Red in the water (2010) eta Foxes (2015) film laburrak zuzendu ditu orain arte, azken hori ere Kimuak katalogorako hautatua izan zen, eta 2017tik Suro izeneko bere lehen film luzea garatzen ari da. Uda honetan errodatuko dute, eta Irusoin ekoiztetxearekin batera, Lastor Media eta Malmo Pictures produkzio etxeek babestu dute proiektua. 2016an, hain zuzen, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak kudeatutako Ikusmira Berriak egonaldi-programan hartu zuen parte Gurreak lana garatzeko.