Ikus-entzunezko alorreko erdi eta goi mailako graduetan zein masterretan espezializatutako Andoaingo ESCIVI Zine eta Bideo Eskolak 2021-2022 ikasturteko izen-emate aldia itxi arren, oraindik leku libreak dituztela eman du aditzera. Interesa duen orok erreserba egiteko dei dezake, eta irailean formalizatuko du matrikula.

Soinuaren eta irudiaren munduari lotutako prestakuntza zabala eskaintzen duen Andoaingo eskola da ESCIVI, eta ikus-entzunezko sektoreko euskal profesional ugariren lehen etxea izan da azken 30 urteetan. Era berean, industriako profesional entzutetsuak daude egun eskolako irakasleen artean, gai zehatzei lotutako eskolak ematen baitituzte urtero formakuntza profesionaleko ondorengo graduetan:

  • Bideo Disc-Jokey eta Soinu Teknikaria – Erdi mailako gradua
  • 3D Animazioa, Jokoak eta Ingurune Interaktiboak – Goi mailako gradua
  • Irudiaren argiztapena, hartzea eta tratamendua – Goi mailako gradua
  • Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Ekoizpena – Goi mailako gradua
  • Ikus-entzunezko Proiektuen eta Ikuskizunen Errealizazioa – Goi mailako gradua
  • Ikus-entzunezkoentzako eta Ikuskizunentzako Soinua – Goi mailako gradua

Izen-emate deialdia amaituta, iragan uztailaren 13an jakinarazi zuten 2021-2022 ikasturterako izena emandako eta onartutako ikasleen zerrenda, baina oraindik ez dira leku guztiak bete, eta interesatuek telefonoz deitzeko eta lekua erreserbatzeko aukera dutela azaldu du zentroak. Hala, datorren irailean formalizatu ahal izango dute matrikula.

Formakuntza eskaintzaren, egutegiaren eta matrikularen inguruko xehetasun guztiak ESCIVIren webgunean daude eskuragai.