Gaurtik, uztailak 26, indarrean dira Covid19aren pandemiaren hedatzeari aurre egiteko ostalaritzari eta kultur ekitaldiei lotuta, LABIk ezarritako murrizketa neurri berriak, eta aretoen edukiera % 35era mugatzeak Euskadiko areto ugari ixtera behartuko dituela salatu du EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak. Horregatik, orain arteko baldintzak mantentzeko eskatu diote Jaurlaritzari.

EZAE oso haserre azaldu da LABIk hartutako neurri berrien aurrean. Haien hitzetan, ulertezina da aretoen edukiera % 35era murriztea, pandemia osoan zehar sekula ez baita edukiera horrenbeste mugatu, eta gainera, orain arte ez da Covid19aren agerraldirik eman zinema aretoetan. Berauetan ezinbestekoa da maskararen erabilera eta distantzia soziala, sarreren salmentarekin bermatzen dena. Horregatik, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteko bazkideek baldintza berberak mantentzeko eskatu diote Jaurlaritzari, alegia, edukiera % 60koa izan dadila.

Egoeraren larritasuna azaltzeko, datu ekonomikoak jarri dituzte mahai-gainean: 2020an, 2019arekin alderatuta, 10 milioi euroko galerak izan zituzten zinema aretoek, ikusleen kopurua % 65 baino gehiago murriztuta, eta erakundeetatik jasotako laguntzak ez dira nahikoak izan. Azken hiletan, galerak berreskuratzeko, ikusleak erakartzeko zein aretoetako langileak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetatik ateratzeko, esfortzu handia egin dutela nabarmendu dute, eta pixkanaka, estreinaldi handien laguntzarekin, datu itxaropentsuak lortzen ari zirela.

Murriztapen berrien ondorioz, ostera, ezin izango dute egoera eutsi, eta zinema areto asko itxi egin beharko dituzte. Enplegu erregulazio berriak eta ordutegien murrizketak itzuliko dira, eta lortutako aurrerapausoak erabat zapuztuko dira. Aretoek egindako ahalegina ezerezean geratuko dela salatu dute, eta Jaurlaritzari neurria berraztertzeko galdatu diote.