Berri Txarrak taldearen azken bira ardatz duen Marina Lameiroren Dardara dokumentala eta iragan Goya sarietan hiru garaikur erdietsi zituen David P. Sañudoren Ane drama eskainiko dituzte bihar, uztailak 27, asteartea, 19:00etatik aurrera Segurako Laiotz Herri Eskolan. Sarrerak eskuragai daude herriko liburutegian eta udaletxean.

Martxoan estreinatu zuten Dardara, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren irekiera ekitaldian, eta jarraian heldu zen zinema areto komertzialetara. Berri Txarrak rock bandaren IKUSI ARTE agur bira du oinarri, eta helburu nagusia 25 urteko ibilbideagatik jarraitzaileei esker ona agertzea eta agurra zinematografikoki erregistratzea zenez, taldekideen ordez, zaleak eurak ekarri zituen lehen planora Lameirok. Harrera beroa izan zuen ikus-entzunezkoak, eta besteak beste, Donostiako Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdian izan da ikusgai azken hiletan.

 

David P. Sañudoren Ane, aldiz, Donostia Zinemaldian estreinatu zuten iaz, eta ordutik sariak eta laudorioak baino ez ditu jaso Lide amaren eta Ane alabaren arteko harreman gatazkatsua hizpide duen dramak. Martxo hasieran banatu zituzten Goya sarietan, gainera, hiru garaikur lortu zituen lanak: emakumezko protagonista onenaren saria Patricia López Arnaizentzat, emakumezko aktore berri onenarena Jone Laspiurrentzat, eta egokitutako gidoi onenarena P. Sañudo eta Marina Parés Pulidorentzat.

 

Bada, bi filmen emanaldia egingo dute bihar, uztailak 27, Segurako Laiotz Herri Eskolan. Dardara 19:00etan izango da ikusgai, eta Ane 21:30ean. Sarrerak eskuragai daude jada herriko liburutegian eta udaletxean.