Errenteriako Jantziaren Zentroak prestatutako Argiak, kamera, moda! erakusketa berria bisitatzeko aukera izango da Kapitain Etxean irail amaierara arte. Film zehatz baterako sortu zituzten eta modaren historian mugarri bilakatutako hamar jantzirekin osatu dute bilduma, tartean, Gone with the Wind (Victor Fleming, 1939) eta Pretty Woman (Garry Marshall, 1990) filmetako protagonisten soinekoekin.

Herritarren memorian gordetako jantziak diren arren, haien sortzaileen inguruan ezer gutxi zabaldu da: nortzuk ziren, zinemaren munduan zein beste lan egin zituzten, haiek sortutako jantziek modaren historian zein eragin izan zuten… Horregatik, hamar film klasikotako protagonistentzat beren beregi sortutako beste horrenbeste jantzirekin osatu du Errenteriako Jantziaren Zentroak uneotan ikusgai den Argiak, kamera, moda! erakusketa. Kapitain Etxeko alfonbra gorrira eraman ditu, eta irailaren amaierara arte bisitatzeko moduan izango dira.

Ikusgai dauden soinekoen artean daude Gone with the Wind, Pretty Woman, The Wizard of Oz (Victor Fleming, 1939), Gilda (Charles Vidor, 1946), Roman Holiday (William Wyler, 1953), My Fair Lady (George Cukor, 1964) eta Titanic (James Cameron, 1997) filmetako jantzi nagusiak, eta haietako bakoitzaren alboan, diseinatzailearen izena, egindako lana, aktorearen zein filmaren inguruko bitxikeriak eta pelikularen kartela kontsultatu ahal izango dira. Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak 1949an erabaki zuen diseinatzaileen lana saritzea, eta hamarkada batez bi kategoriatan bereizi zuten garaikurra: zuri-beltzezko filmetako jantziteria onenaren saria, eta koloretako lanetakoa.

Erakusketa doan izango da ikusgai, eta irailean bisita gidatuak egingo dituzte. Informazio osagarria Errenteriako Kultura atarian dago eskuragai.