Iñigo Aranburu (Donostia, 1971) aktoreak kameraren gidaritza hartu du aurrenekoz Oihartzunak proiektu pertsonalari forma emateko, eta goi mailako profesional eta adiskideen laguntzarekin osatu du ama omentzen duen lau minutuko laburra. 30 urterekin abiatu zuen aktore ibilbideaz aritu zaigu, ordea, elkarrizketaren bigarren zati honetan.

“Aktore ibilbidea Donostian hasi nuen hamazazpi urterekin, ETBko programa batean. Baina urtebeteren ondoren, zer ikasi erabakitzeko unea iritsi zen, eta gurasoen presioa tarteko, diseinu grafikoa hautatu nuen. Bartzelonan lanean ari nintzela, 30 urterekin, adin horretan ohikoa den krisi existentziala izan nuen, eta 17 urterekin antzerkia egin nahi nuela gogoratu nuen”. Orduan hasi zen Aranburu interpretazioa ikasten, eta pixkanaka, Euskal Herrirako bidea desegin zuen, Goenkale eta Irrikitown bezalako saioetan aritu ostean.

2017an estreinatu zen Handia laudatua, aldiz, mugarria izan da bere ibilbidean, aktore gisa ate berriak zabaltzeko ez ezik, bere lehen laburra zuzentzeko babes ingurunea eskaini baitio: “Aitor (Arregi), Jose Mari (Goenaga) eta Jon (Garaño) lagunak ditut orain, eta asko lagundu didate laburrarekin”. Moriartitarren ezagutza eta kemena nabarmendu ditu, “ze azkarrak diren!”. Hori bai: etorkizunean, barneko bulkadei jarraiki, film bat (“edo dena delakoa”) zuzentzeko gai dela badaki orain, eta segurtasun horrek ez du preziorik.