Gaur, uztailak 22, hasi eta datorren asteartera arte, uztailak 27, Telmo Esnal zinemagilearen proiektu berriena, kontzientzian eta itsasoan sakontzen duen Urtzen collage zinematografikoa, eskainiko dute Iruñeko Golem Yamaguchi zinemetan, Udako Golem programazioaren baitan. Bilbon, aldiz, abuztuan izango da ikusgai.

Konfinamendu-garaian, Telmo Esnalek ahaztutako proiektu bat berreskuratu zuen: UR, Pablo Azkue argazkilari eta diseinatzaile grafiko zarauztarrak orain hiru urte argitaratu zuen ipuina. Narrazioak proposatutako gaiarekin interesatuta, Urtzen zinema-entsegu berezia garatu zuen, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz eta berrerabiliz, existentziari buruz hausnartzen duen collage bitxia. Iragan Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zuen filma, eta Greenpeace erakundearen Lurra saria erdietsi zuen.

Golem zinemek uztailetik abuztura atondu duten Udako Golem programazioaren baitan, Iruñeko Golem Yamaguchi zinemetan eskainiko dute filma gaurtik, uztailak 22, datorren asteartera, uztailak 27. Paseak ordu ezberdinetan egingo dituzte: uztailaren 22an eta 25ean 22:15ean, uztailaren 23an eta 26an 17:15ean, eta uztailaren 24an eta 27an 20:00etan. Hala, Atera Filmsek ekoitzi eta banatutako lana, zinema aretoetan ofizialki estreinatu aurretik izango da ikusgai Nafarroako hiriburuan. Sarrerak eskuragai daude 5 eurotik hasita.

Bilboko Golem Alhondiga zinemetan, aldiz, abuztuaren 20tik 26ra egingo dituzte emanaldiak, Iruñeko formatu bera jarraituta: abuztuaren 20an, 23an eta 26an 20:00etan proiektatuko dute; abuztuaren 21etan eta 24an 22:15ean, eta abuztuaren 22an eta 25ean 17:15ean.

Informazio osagarria Udako Golem programazioan duzue eskuragai.