TCM telebista katearen eta Donostia Zinemaldiaren arteko lankidetzak indarrean jarraituko du beste urte batez. Hala, New Directors saileko film guztien eta Horizontes Latinos saileko sortzaileen lehen ala bigarren film luzeen artean, Gazteriaren TCM saria banatuko dute gazte epaimahaikideek. TCMk garaikurra babesten duen hirugarren urtea izango da.

199an sortu zen Turner Classic Movies telebista kate estatubatuarrak film klasikoen programazioa izan du oinarri bere sorreratik, baina egun garai eta jatorri ezberdinetako filmak eskaintzeko konpromisoa du. Maisu handien klasikoak ez ezik, sortzaile berrien lan arrakastatsuak ere programatzen ditu, eta filmen testuingurua osatzeko, elkarrizketekin eta ekoizpen propioko piezekin osatzen ditu emanaldiak. Espainiar estatura orain bi hamarkada heldu zen, eta ordutik lotura estua izan du Donostia Zinemaldiarekin, Ikusleen saria, ziklo bereziak zein Zinemaldia Topaketak babestu izan baititu azken urteetan.

2019az geroztik, ostera, gazte epaimahaiak banatzen duen Gazteriaren sariaren babesle nagusia da. Garaikurra eskuratzeko hautagaiak New Directors saileko film guztiak eta Horizontes Latinos ataleko zuzendarien lehen ala bigarren lanak izango dira, ia 30, eta 18 eta 25 urte arteko 75 epaimahaikide gazteek egunean hiru film ikusi beharko dituzte beren balorazioa eman ahal izateko. Kalifikazioak eta faboritoen rankinga egunero eguneratuko dituzte, eta Zinemaldiaren hedabide ofizialetan egongo dira ikusgai.

Hala, irailaren 25ean, larunbata, jaialdiaren itxiera egunean, iragarriko dute ebazpena, eta Guillermo Farré TCM taldearen Espainiako arduradun nagusia, zinemaren alorreko pertsona ospetsu bat eta gazte epaimahaikideen ordezkari bat izango dira ekitaldian.

Hala, etorkizun oparoa duten sortzaile gazteen balioa nabarmendu nahi du telebista-kateak, jaialdiko film onenak belaunaldi berriei gerturatuta. “Ilusio handia dugu Zinemaldiarekin lankidetzan jarraitzeko, eta Gazteriaren epaimahaiko 75 kideek esperientziaz asko gozatzea espero dugu”, adierazi du Farrék.