Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistiko kargua eskuratu du berriki Manuel Asín programatzaile eta zinema ikertzaileak, eta aste honetan jaialdiko Programazio Batzorde berria aurkeztu du. Asínekin batera, festibalaren egitarau integrala kudeatuko dute Lucía Salas, Miguel Zozaya, Lur Olaizola eta Pablo Garcíak.

Bi emakumek eta bi gizonek, jaialdiko zuzendariarekin batera, osatuko dute 2022-2025 aldiko Punto de Vistaren Programazio Batzordea. Ekainean hartu zuen kargua Manuel Asínek, eta datozen urteetako lantaldea osatzen hasi da pixkanaka. “Programaziotik, kritikatik, ikerketatik eta baita sorkuntzatik ere datozen hainbat talentu osagarri biltzen ditu batzorde berriak, eta denek dute ideia zabal eta konprometitu bat jarduera zinematografikoa izan daitekeenaren inguruan. Horrek isla izatea espero dugu, lehiatuko diren filmen aukeraketan ez ezik, baita festibalaren programazio osoan ere”, adierazi du Asínek talde berriaren osaketa iragartzeko unean.

Ondorengoak dira batzordea osatuko duten lau profesionalak:

  • Lucía Salas – Programatzaile, kritikari eta zinemagile argentinarraren lanak zinemaren iraganean eta orainean nabigatzen du. Komunikazioan doktoretza egiten ari da UPFn, hainbat jaialditan kolaboratu du, eta LaSiberia kolektiboko kide gisa, hiru film osatu ditu: Implantación (2016), Los Explotadores (2016) eta Implantación (2011) laburra.
  • Miguel Zozaya – Teoria, analisi eta dokumentazio zinematografikoan doktorea da (EHU), eta zinemaren inguruko hainbat artikulu argitaratu ditu. X Films ekoizpen etxearen inguruko bi ikerketa proiektutan hartu du parte Nafarroako Unibertsitatearekin, eta Punto de Vistako hautaketa batzordeko kidea izan da 2019tik 2021era.
  • Lur Olaizola – Zinema programatzailea eta zinemagilea da, eta 2015az geroztik Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzailea. Xulia (2019) eta Zerua blu (2020) laburrak zuzendu ditu, eta Hirugarren koadernoa proiektuan ari da lanean. Iaztik EQZEko irakaslea ere bada.
  • Pablo García – Zinema zuzendaritzan diplomaduna, hainbat labur zuzendu ditu, eta gidoilari gisa aritu da beste zinemagileentzat. Dozena erdi zinema aldizkaritan kolaboratu du, eta zenbait liburu itzuli ditu. Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko Contactos zikloaren programatzaileetako bat da.

Informazio osagarria jaialdiaren webgunean dago eskuragai.