Pablo Agüerok zuzendu eta ETBren partaidetza duen Akelarre filmak lau hautagaitza jaso ditu Zinema Iberoamerikarraren Platino sarietarako: jatorrizko musika onena (Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi), arte-zuzendaritza onena (Mikel Serrano), argazki-zuzendaritza onena (Javier Agirre) eta soinu-zuzendaritza onena (Urko Garai, Josefina Rodríguez, Frédéric Hamelin eta Leandro De Loredo). Ekitaldia urriaren 3an egingo dute, Madrilen.

68. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta areto komertzialetan ikusgai egon ondoren, martxoaren 6ko Goya sarien galan bost garaikur lortu zituen 1609ko sorgin-ehizan girotutako drama euskaldunak, hala nola, jantziteria (Nerea Torrijos), makillaje eta ile-apainketa (Beatushka Wojtowiez eta Ricardo Molina), efektu berezi (Mariano Garcia Marty eta Ana Rubio), jatorrizko musika (Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja) eta zuzendaritza artistiko (Mikel Serrano) onenaren sariak. Astebete geroago, martxoaren 12an, jarri zuten ikusgai Netflix plataforman, eta arrakasta berehalakoa izan zen: mundu mailako eduki ikusienen artean hirugarren postuan kokatu zen, Sentinelle eta Moxie telesailen atzetik.

Latinoamerikako hainbat herrialdetan, hala nola, Mexikon, Argentinan, Brasilen, Costa Rican eta Uruguain lehen postua eskuratu du; Suitzan, Polonian eta Grezian, aldiz, bigarrena; eta Txekiar Errepublikan, Maltan eta Errumanian hirugarrena. Turkia, Nigeria eta Libano bezalako urrunagoko estatuetan laugarren, zazpigarren eta bederatzigarren eduki ikusiena izan zen, hurrenez hurren.

Arrakastak ez du etenik, eta Zinema Iberoamerikarraren Platino sarietarako hautagaitza sorta izan da lan-taldeak jaso duen azken poza. Izan ere, jatorrizko musika onenaren, arte-zuzendaritza onenaren, argazki-zuzendaritza onenaren eta soinu-zuzendaritza onenaren sariak eskuratu ditzake filmak datorren urriaren 3an Madrilen ospatuko den ekitaldian.

‘Patria’ ere bai

Proposamenen zerrendan, gainera, bada beste euskal ekoizpenik. Hain zuzen,  Fernando Arambururen eleberrian oinarritutako Patria lana da hautagaitza gehien bildu dituen telesaila, eta sari hauetan jaso lezake errekonozimendua: emakumezko aktore onena (Elena Irureta), taldeko emakumezko aktore onena (Loreto Mauleon eta Susana Abaitua), telesail sortzaile onena (Aitor Gabilondo) eta iberoamerikako minisail edo telesail zinematografiko onena.