Sorkuntza eta kultura sektoreak sustatzea helburu duen Europar Batasunaren Europa Creativa programaren baitan, ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren alorretara bideratutako MEDIA azpiatalak 2021eko diru laguntza deialdietara proiektuak aurkezteko epeak zabaldu ditu. Hamazazpi atal banatu dituzte, tartean, nazioarteko koprodukzioak dituzten ekoizleei zein ikus-entzunezko azoka eta zinema jaialdiei zuzendutakoak.

Europa Creativa MEDIA Euskadi bulegoak 2021eko diru laguntza deialdietara aurkezteko aholkularitza eta babesa eskainiko dizkie interesa duten profesional eta orotariko eragileei. Izan ere, Europar Batasunak kudeatutako funtsak eskuratzeko deialdia zabaldu dute dozenatik gora ataletan banatuta. Egitasmoak aurkezteko epe gehienak abuztuan amaituko dira, nahiz eta udazkenean itxiko dituzten hainbat eta oraindik zabaltzeke dauden beste hiru ageri diren zerrendan.

Zinemari dagokionez, ondorengoak dira atal nagusiak:

  • European Co-Development: Zinemarako, telebistarako ala plataforma digitaletarako nazioarteko bokaziodun ikus-entzunezko proiektuak garatzen ari diren bi ekoiztetxeren ala gehiagoren arteko partzuergoei zuzendutako deialdia. Epea: azaroak 17.
  • European Slate Development: Zinemarako, telebistarako ala plataforma digitaletarako nazioarteko bokaziodun ikus-entzunezko hiru eta bost proiektu artean garatzen ari diren ikus-entzunezko ekoiztetxeentzako deialdia. Epea: abuztuak 25.
  • Markets and Networking: Ikus-entzunezko sektoreko talentuen zabalkundea errazteko urteroko ekitaldiak, tresnak eta jarduerak antolatzen dituzten profesional sareentzako deialdia, baita nazioarteko europar koprodukzioen banaketa eta garapena bultzatzen dutenentzat ere. Epea: abuztuak 24.
  • European Film Distribution and Sales: Banatzen dituzten europar filmen sarrerekin berriro inbertitzeko funtsa sortuko duten nazioarteko salmenta agenteei eta banatzaileei zuzendutako deialdia. Epea: laster iragarriko dute.
  • Films on the Move: Nazionalak ez diren film europarren banaketa transnazionala sustatzeko deialdia, eta ikus-entzunezko obrak azpidatzita, bikoiztuta eta audiodesribatuta, nazionalak ez diren filmen estreinaldia sustatzen duten banatzaile taldeei zuzenduta dago. Epea: abuztuak 24.
  • European Festivals: Jaialdiei eta europar festibalen sareei zuzendutako deialdia. Epea: abuztuak 24.
  • Networks of European Cinemas: Europako filmen programazioa zabaltzeko asmoa duen zinema sareei zuzendutako deialdia, bereziki, nazionalak ez diren izenburu europarretan indarra jarriz. Epea: Abuztuak 10.
  • Audience Development and Film Education: Alfabetizazio zinematografikoa bultzatzen duten jarduerak errazteko, ezagutza sustatzeko eta ikus-entzunezko obra europarren audientzien interesa (gazteena bereziki) bultzatzeko deialdia: Epea: urriak 5.
  • Subtitling of Cultural Content: ARTEren bidez ezarritako deialdia, Europako eduki kulturalei azpidatziak jartzeko, Europan zehar online audientziak handitzen laguntzeko.

Deialdi bakoitzaren inguruko xehetasunak Europa Creativa MEDIA Espainiaren atarian topatuko dituzue.