Gehitu elkartearen ekimenez, homosexualen, bisexualen eta transexualen errealitatea eta balioak islatzen dituzten filmak saritzeko Sebastiane saria banatzen hasi ziren 48. Donostia Zinemaldian, 2000. urtean, eta 2013az geroztik Latinoamerikako ekoizpen onena ere nabarmentzen dute Sebastiane Latino aintzatespenarekin. Bada, bigarren saria eskuratzeko aurtengo bost hautagaiak aurkeztu dituzte.

2021eko irailean gauzatuko duten 69. Donostia Zinemaldian emango du Gehitu elkarteak 9. Sebastiane Latino saria, 2020ko irailetik aurrera estreinatutako LGTBI film latino onena nabarmentzeko. Brasilgo eta Mexikoko filmak dira aurtengo hautagaiak, bost orotara, elkarteak aditzera eman duenez; Sebastiane sarirako proiektuen zerrenda, aldiz, datozen asteetan iragarriko dute.

Ondorengo hauek dira bost hautagaiak:

  • Cristiane Oliveira zinemagile brasildarraren A primeira morte de Joana nazioarteko dozena bat jaialditan izan da ikusgai, eta Brasil hegoaldeko herrixka batean bizi den hamahiru urteko Joanaren barne bilaketa du hizpide.
  • David Pablos sortzaile mexikarraren El baile de los 41, ostera, XIX. mende amaieran girotuta dago, eta Mexikoko presidentearen alabarekin ezkondu zen eta gay elkarte klandestino bateko kide zen Ignacio de la Torreren istorioa kontatzen du.
  • Madiano Marcheti zuzendariaren Madalena proposamen brasildarrak landa-hiri batean bizi diren Luziane, Cristiano eta Bianca ditu protagonista, Madalenaren desagerpena oso modu ezberdinetan biziko duten gazteak.
  • Anita Rocha da Silveira zuzendari brasildarrak, bere aldetik, Medusa izeneko drama aurkeztu berri du Cannesko zinema jaialdian. Mariana eta bere “neskalagunen” eztanda erakutsiko duen film indartsua.
  • Eta Ángeles Cruz mexikarraren Nudo Mixteco proposamenak, azkenik, Mexikoko mixteco herri indigenako kide diren Chabela, María eta Toñak beren sexualitateari aurre nola egingo dioten erakutsiko du.

Hautagaien inguruko informazio osagarria eta Sebastiane sariei buruzko xehetasun eta berritasunak garaikurraren webgunean daude eskuragai.