Bizan sarearen bidez, Udako Gauak programa eskainiko dute Gasteizen uztailetik irailera. Hilaren 13an egin zuten jazz-kontzertuaren ostean, datozen bi emanaldietan zinema izango da protagonista: uztailaren 23an, ostirala, Abuelos (Santiago Requejo, 2019) komedia espainiarra proiektatuko dute Maurice Ravel lorategietan, eta irailaren 17an The Peanut Butter Falcon (Tyler Nilson eta Mike Schwartz, 2019) estatubatuarra izango da ikusgai Francisco de Vitoria BHIn.

Udako gauak bereziak direla jakinik, Gasteizko Udalak, Bizan sarearen bidez, programazio berezia atondu du adin guztietako hiritarrentzat. Egitaraua iragan asteartean hasi zuten Vital Fundazioaren Kulturunean antolatutako jazz saioarekin, eta datozen jarduerak pantaila handiaren eta izarren konpainian gauzatuko dituzte:

  • Hilaren 23an, ostirala, Carlos Iglesias, Roberto Álvarez eta Ramón Barea protagonista dituen Abuelos komedia dramatikoa eskainiko dute Maurice Ravel lorategietan, Hegoalde gizarte-etxearen ondoan. Krisi ekonomikoaren eraginez, haurtzaindegi bat martxan jarri nahiko duten hiru gizonen abenturak ditu hizpide film espainiarrak. Emanaldia 22:30ean hasiko da.

,

.

 

  • Irailaren 17an, ostirala, The Peanut Butter Falcon film independente estatubatuarra proiektatuko dute. Down Sindromea duen Zak borrokalarigaiak, haren entrenatzaile papera egingo duen Tyler gaizkileak eta Eleanor erizain bereziak Kalifornia iparraldea zeharkatuko dute lehenaren ametsa betetzeko. Emanaldia 21:30ean abiatuko dute Francisco de Vitoria BHIn.

 

Saioak doakoak izango dira, eta filmak gaztelaniaz eskainiko dituzte. Informazio osagarria Gasteizko Udalaren webgunean dago eskuragai.