Trantsizioan dagoen Lola gaztearen istorioa kontatuko du Laurent Micheli sortzailearen film homonimoak, eta Trans Legearen inguruko eztabaidaren testuinguruan, filmaren emanaldi berezia egingo dute ostiralean, uztailak 23, Donostiako Principe zineman Kresala Zineklubaren, Elamedia banatzailearen eta SADE etxearen ekimenez.

18 urteko Lola harrera etxe batean bizi da Samir lagunarekin, eta albaitari izateko ikasten ari da. Ama hil berri zaio, eta Phillip izeneko aitak bere esku dagoen guztia egingo du alaba agur-erritura agertu ez dadin. Izan ere, Phillipek bi urte lehenago bota zuen Lola etxetik, oraindik Lionel zenean. Orain, aldiz, sexu organoen berresleitze prozedura egiteko unea iritsi zaio Lolari, baina amaren sostengu ekonomiko zein emozionala galdutakoan, aurrera egiteko zailtasunak izango ditu. Aitaren helburua, aldiz, emaztearen errautsak Iparraldeko Itsasoan botatzea izango da, eta Lolak, harekin haserre dagoen arren, ez du ama bakarrik utzi nahiko. Hala, bien arteko harremana lantzera behartuko dituen bidaia eraldatzailea abiatuko dute elkarrekin.

Bada, Trans Legearen eguneratzea denon ahotan den honetan, trantsizio prozesuaren argilunen inguruko kontaketa indartsu eta ausarta egin du Laurent Micheli zinemagile belgikarrak. Aktoreen antzezpen bikaina goraipatu du nazioarteko kritikak, eta transexualitatearen normalkuntzaren aldeko aldarria ezinbestekotzat jo dute.

Donostiako Kresala Zineklubak, Elamedia banatzailearekin eta hiriko aretoak kudeatzen dituen SADE enpresarekin batera, filmaren emanaldi berezia prestatu du ostiralerako, uztailak 23. Proiekzioa 20:00etan hasiko da Principe zinemetan, eta filmaren aurkezpenean zein ondorengo solasaldian hartuko dute parte Aingeru Mayor NAIZEN Adingabe Transexualen Familien Elkarteko kideak eta GEHITU elkarteko Jokin Esnaolak.

Sarrerak eskuragai daude SADEren webgunean, eta informazio osagarria ere bertan topatuko duzue.