Ikus-entzunezkoen garapenerako eta ekoizpenerako laguntza ekonomikoen 2021eko deialdia kaleratu zuen Gasteizko Udalak iragan martxoan, eta iragan ostiralean, uztailak 16, eman zuen ebazpenaren berri. Hamabi egitasmo lagunduko dituzte orotara, ia 100.000 eurorekin. Lau, proiektu, aldiz, deialditik kanpo geratu dira.

Ikus-entzunezko sorkuntza arabarra sustatzea izan du helburu Gasteizko Udalak beste behin ere, eta hiru ataletan banatutako laguntza deialdia kaleratu zuen udaberrian: zinemarako, telebistarako eta plataforma digitaletarako proiektuentzako atala; film laburren ekoizpenerako atala; eta gidoien idazketari zuzendutako atala. Deialdira lanak aurkezteko epea apirilaren 16an itxi zuten, eta 100.000 euroko aurrekontua bideratu dute lanen garapenerako eta ekoizpenerako.

Ebazpena kaleratu berri dute, eta orotara hamabi proiektuk jaso dute laguntza. Ikus-entzunezko filmen garapenerako atalean, hain zuzen, 47.475 euro banatu dituzte bost egitasmoren artean: Gaua gauekoentzat, Alumbramiento, La última noche de un Erasmus en Roma, Bajo el mismo sol eta Amaiur. Film laburren atalean, aldiz, 45.525 euro banatu dituzte Jende Arrotza, Malkoak, Tula, Irrits eta Luzia, zaku-aurpegia lanen artean. Eta gidoien atalari dagokionez, Zure begien laku beltza eta Todos los colores a la vez egitasmoek 5.000 eurona jasoko dituzte.

Itxaron zerrendan geratu dira, ostera, beste zortzi proiektu, gutxieneko puntuazioa lortu arren, aurrekontua agortu delako. Eta lau egitasmo deialditik kanpo geratu dira, arrazoi ezberdinak medio. Ebazpenaren inguruko xehetasunak hemen ikusgai.