Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko Sail Ofiziala osatuko duten lehen bederatzi pelikulak iragarri dituzte mostraren antolatzaileek. Besteak beste, Laurent Cantet, Terence Davies, Lucile Hadzihalilovic, Claudia Llosa eta Claire Simon zuzendariak izango dira lehian, 2021eko irailaren 17tik 25era bitartean ospatuko den ekitaldian.

Atzera kontua hasia dute Zinemaldian, eta gutxinaka ari gara 69. Edizioa gorpuztuko duten film eta ezaugarriak ezagutzen. Gaurkoan, Sail Ofizialean lehiatuko diren filmen lagina aurkeztu dute, eta izen ezagun andanak osatu du zerrenda. Besteak beste, Laurent Cantet, Terence Davies, Lucile Hadzihalilovic, Claudia Llosa eta Claire Simon zuzendarien azken filmak ikusi ahal izango dira donostian, eta horiekin batera Alina Grigore, Zhang Ji eta Tea Lindeburg zinemagileen lehenbiziko lanak, eta baita Inés Barrionuevoren laugarren filma ere.

Ressources humaines (1999) filmarekin,  Zinemaldiko New Directors Saria eskuratu zuen Laurent Cantetek, eta ordutik hainbat film aurkeztu ditu Perlak zein Sail Ofizialean. Arthur Rambo filmarekin bueltatuko itzuliko da jaialdira: Rabah Naït Oufella aktoreak idazle arrakastatsu bat antzezten du bertan, zeinak iraganean sare sozialetan argitaratu zituen gorroto-mezuen itzalaren aurka borrokatu beharko duen.

Terence Daviesi atzerabegirako bat eskaini zitzaion Zinemaldiaren 2008ko edizioan, eta hirugarren aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra eskuratzeko.  Benediction aurkeztuko du, Jack Lowden eta Peter Capaldi aktoreek gorpuztutako biopic lana. Siegfried Sassoon antzeztuko dute bizitzaren une desberdinetan: I. Mundu Gerratik bizirik irten zen soldadu eta poeta antibelizista.

Lucile Hadzihalilovicek New Directors Saria eskuratu zuen Innocence (2004) estreinako filmarekin, eta, ondoren, sail horretako bertako epaimahaikide izan zen. Halaber, Donostian aurkeztuak ditu Zabaltegi-Tabakaleran edota Sail Ofizialean. Earwig obrarekin itzuliko da Donostiara: Brian Catling idazlearen eleberriaren egokitzapen honek Alberten istorioa kontatzen du, izotzezko hortzak dituen Mia izeneko neska zaintzen lan egiten duen gizonarena.

Claudia Llosa lehenbizikoz lehiatuko da Sail Ofizialean Distancia de rescate / Fever Dream lanarekin (María Valverde, Dolores Fonzi, Germán Palacios eta Guillermo Pfening ditu antzezle-taldean). Beldurrei eta amaren maitasunaren indarrari buruzko kontakizun zorabiagarri eta hipnotikoa aurkeztuko du. Gidoia Samanta Schweblin eleberri homonimoaren egilearekin batera idatzi du.

Fikziozko eta ez-fikziozko lanetan dago zaildurik Claire Simon, eta, aurtengo edizioan, Vous ne désirez que moi / I Want to Talk about Duras lana aurkeztuko du. Michèle Manceaux kazetariak Yann Andrearekin izaniko elkarrizketa bat izango du oinarri du, non Marguerite Duras idazlearen azken urteetako maitale izan zeneko bizipenak berreskuratzen dituen.

Bestalde, Ines Barrionuevok bere laugarren film luzearekin parte hartuko du lehiaketan. Camila saldrá esta noche lanean, protagonista, neska gazte bat, Buenos Airesera joango da bizitzera, eskola pribatu tradizional batean sartuko da eta aldaketa horiei guztiei aurre egin beharko die..

Hasiberriak ere bai

Zinemagile hasiberriak ere izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian. Esate baterako, Alina Grigore aktore eta gidoigile errumaniarra. Crai nou / Blue Moon ekarriko du Sail Ofizialera: emakume gazte baten drama kontatzen du, zeinaren familia disfuntzionaleko giro itogarriak kontra egingo baitie haren desioei.

Zhang Ji izango da opera prima bat aurkeztuko duen bigarren zuzendaria . Orain artean, argazki-zuzendari gisa aritu da hainbat filmetan eta, errealizadore gisa eginiko estreinaldian, Ping Yuan Shang De Mo Xi / Fire on the Plain aurkeztuko du, Txinako Fentun hirian giroturiko thriller bat.

Tea Lindeburg egileak itxi du lehen iragarpenen zerrenda. Donostiak  aurkeztuko duen lana, Du som er i himlen / As in Heaven, literatura danimarkarreko klasiko batean dago oinarrituta: 1912an Marie Bregendahl idazleak argitaratutako lan batean, alegia. XIX. mendeko etxalde batean giroturiko kontakizun honetan, familia ugari bateko kideak bederatzigarren haurraren zain daude, eta alaba zaharrena, berriz, ikastera irtetear da.

Data hurbildu ahala zerrenda osatzen joango direla adierazi dute Zinemaldiko arduradunek, bai eta beste sail batzuetako edukiak iragarriko dituztela ere bai.