Spike Lee buru duen epaimahaiak Julia Ducournauren Titane filmari eman dio aurtengo Cannesko zinema jaialdiko sari nagusia, indarkeria eta sexua uztartzen dituen proposamen arriskutsua goraipatuta. Bigarren emakumezkoa da Urrezko Palma eskuratzen, Jane Campionek 1993an The Piano filmarekin mugarria ezarri ostean. Zuzendari onenaren saria, aldiz, Leos Caraxentzat izan da, Annette bereziagatik.

Larunbat iluntzeko galarekin itxi dute osasun neurri zorrotzek ezaugarritutako Cannesko zinema jaialdiaren 74. edizioa. Julia Ducournau sortzailea izan da industriako festibalik garrantzitsueneko garaile nagusia, Urrezko Palma preziatua jasotzen duen historiako bigarren emakumea, Titane filmari esker. Txalo eta txistu artean hartu zuen lana prentsak iragan asteko pasean, eta kritikak edizioko “eskandalu” gisa izendatu zuen, baina Raw (2016) polemikoaren egilearen proposamen berriak Spike Lee buru duen epaimahaia konbentzitu zuen, eta Sharon Stone aktorearen eskutik jaso du garaikurra Ducournauk.

.

Zuzendari onenaren saria, aldiz, Leos Carax sortzailaren Annette bereziarentzat izan zen, Adam Driver eta Marion Cotillard protagonista dituen eta jaialdia zabaldu zuen drama musikatua. Epaimahaiaren sari nagusia Juho Kuosmanen Hytti N6 finlandiarrak eta Asghar Farhadiren Ghahreman iraniarrak jaso dute, ex aequo, eta epaimahaiaren saria Nadav Lapid israeldarraren Ahed’s Knee eta Apichatpong Weerasethakul thailandiarraren Memoria proposamenek erdietsi dute, ex aequo, baita ere.

Gidoi onenaren kategorian, bestetik, Ryusuke Hamaguchi eta Takamasa Oe japoniarren Drive My Car (Doraibu mai kâ) filma nagusitu da, eta jaialdiko FIPRESCI saria ere eskuratu du Haruki Murakamiren errelato homonimoa oinarri duen proiektuak. Interpretazio sariei dagokienez, gizonezko aktore onenaren garaikurra Caleb Laundry Jones estatubatuar gaztearentzat izan da, Nitram filmean egindako lanagatik, eta emakumezko aktore onenarena Renate Reinsve norvegiarrarentzat, Verdens Verste Menneske filmeko antzezpenagatik.

Opera prima onenaren garaikurra, ostera, Antoneta Alamat Kusijanovic sortzaileak jaso du Munira lanagatik, eta film labur onenaren Urrezko Palma Yi Tang zinemagilearen All The Crows In The World proiektuari egokitu zaio. Epaimahaik, aldiz, Jasmin Tenucciri eman dio film labur onenaren saria, Céu de Agosto proposamenagatik.

Palmaresa osorik ikusteko, sartu Cannesko zinema jaialdiaren atarian.