Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programak 2021eko seigarren film luzea estreinatuko du asteburuan: Malcom D. Lee zinemagilearen Space Jam: aro berria. Animazioa eta irudi erreala uztartzen dituen filmak NBAko jokalari LeBron James eta Looney Tunesak ditu protagonista, eta Hego Euskal Herriko hainbat aretotan izango da ikusgai.

LeBron James saskibaloi jokalaria eta bere seme Dom A.I. espazio digitalean harrapatuta geratuko dira, eta etxera itzultzeko Bugs Bunnyren, Lola Bunnyren eta Looney Tunes familiaren laguntza beharko dute. Eraldaketa-bidaia, ostera, bi munduen arteko lotura frenetikoa baino askoz gehiago izango da, eta filmeko protagonistek abentura epikoa biziko dute, saskibaloi txapeldun digitalizatuak garaitu beharko baitituzte beren helburua lortzeko.

Malcolm D. Lee sortzailearen film berriena euskaraz izango da ikusgai ostiraletik, uztailak 23, Hego Euskal Herriko hainbat aretotan, tartean, Donostiako Antiguo Berri zinemetan, Bilboko Golem Alhondigan eta Multicines 7 aretoetan, Gasteizko Gorbeia zinemetan, Iruñeko Golem La Morean, Durangoko Zugaza zineman, Getxoko Zinemak aretoan eta Errenteriako Niessenen. 3 klubak, bere aldetik, 16 kiderentzako bina sarrera bikoitzak zozkatuko ditu.

Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztutako lana da, 2021eko seigarrena, maiatzean argia ikusi zuen Maya Erlea. Urrezko Esfera (Noel Cleary, 2021) eta apirilean estreinatu zuten Sablehortz Kapitaina eta diamante magikoa (Marit Moum Aune eta Rasmus A. Sivertsen, 2019) bezalako proposamenen ondotik. Jarraian ikus daiteke zerrenda osorik eta filmaren fitxa.