Udako programazioaren baitan, aire libreko zinema zikloa eskainiko du bigarrenez Hernaniko Chillida Leku museoak Contracorriente Films banatzailearekin elkarlanean. Saioak abuztuaren 5etik 8ra egingo dituzte, eta bisitariek museoaz gozatzeko aukera izango dute proiekzioaren aurretik, 20:00etatik 21:30era. Sarrerak eskuragai daude Chillida Lekuren atarian.

Iazko esperientzia ona errepikatzeko asmoz, musika, dantza, yoga, gastronomia eta zinema, besteak beste, protagonista dituzten jarduerekin osatuko du udako egitaraua Chillida Leku museoak. Ikus-entzunezkoei dagokienez, lau film eskainiko dituzte aire librean 21:30ean hasita, eta aurretik, 20:00etan, museoaren ateak zabalduko dituzte ikus-entzuleek lasai bisita dezaten.

Contracorriente Films ekoiztetxe eta banatzaile katalanarekin elkarlanean, nazioartean arrakasta handia izan duten gaurkotasun handiko ondorengo filmak eskainiko dituzte jatorrizko bertsioan:

  • Abuztuaren 5ean, osteguna, Florian Zeller zinemagilearen The Father (2020), gizonezko aktore onenaren (Anthony Hopkins) eta egokitutako gidoi onenaren (Florian Zeller eta Christopher Hampton) Oscar sariak jaso zituen proposamena.
  • Abuztuaren 6an, ostirala, Lee Isaac Chung sortzailearen Minari (2020), emakumezko aktore onenaren Oscar saria (Youn Yuh-jung), atzerriko film onenaren Urrezko Globoa eta Sundance zinema jaialdiko epaimahaiaren eta ikusleen garaikurrak lortu zituen lana.
  • Abuztuaren 7an, larunbata, Andrew Levitasen Minamata (2020), W. Eugene Smith argazkilariaren bizitza oinarri duen drama.
  • Abuztuaren 8an, igandea, Eric Barbier frantziarraren Petit pays (2020), Gaël Faye idazle eta abeslariaren eleberri homonimoaren egokitzapen laudatua.

Sarrerak eskuragai daude Chillida Lekuren webgunean 12 eta 15 euro artean, eta bisitariek hamakak izango dituzte eskura eroso egoteaz gain, elkarren arteko distantzia zorrotz mantentzeko. Afaltzeko eta mokaduak zein edariak kontsumitzeko aukera ere izango da, Lurra Cafe jatetxean. Ekimenaren inguruko informazio osagarria museoaren atarian dago eskuragai.