Aitor Merino aktore eta zinemagilea Asier Aranguren haurtzaroko adiskidearen zuen harremanetik abiatu zen euskal gatazkaren inguruko hausnarketa egiteko 2013an Amaia arrebarekin elkarlanean aurkeztu zuen Asier ETA biok dokumentalean. Donostia Zinemaldian hasitako ibilbidea dozenaka emanaldirekin osatu du proiektuak azken urteetan, eta asteburuan Hamaika Telebistan eskainiko dute.
Gaur, ostirala, uztailak 16, 22:00etan; bihar, uztailak 17, 16:00etan eta 23:00etan; eta etzi, igandean, 16:00etan eta 22:00etan. Aitor eta Amaia Merinok zuzendutako Asier ETA biok dokumentalaren bost emanaldi egingo ditu asteburuan Hamaika Telebistak, orain zortzi urte estreinatu zen ikus-entzunezkoa bistaratzeko eta haren inguruan gogoeta egiteko betarik izan ez dute herritarrentzat, zein filma berriro ikusteko gogoa duten horientzat. Gainera, dokumentalaren zuzendari eta gidoilariekin izandako solasaldia ere eskainiko dute.
Aitor Merinorentzat zuzendari gisa osatutako lehen dokumentala izan zen 2013koa. Hogei urte baino gehiago zeramatzan Madrilen bizitzen, eta euskal gatazkaren inguruan bere jarrera azaltzea oso zaila egiten zitzaion, are gehiago, haurtzaroko adiskide Asier Aranguren ETAko kide izateagatik atxilotu zutenean. Hala, lagunarekin hitz egiteko eta hartutako erabakia ulertzeko sentitzen zuen beharretik tiraka osatu zuen dokumenta, kamera eskutan, suertatzen zen hori grabatzen.
Emaitzak Donostia Zinemaldian ikusi zuen argia, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu zuen. Ordutik hainbat zinema jaialditan eta dozenaka hiri eta herritan egin dituzte filmaren emanaldiak eta zuzendariekin solasaldiak, eta Merino neba-arrebak gustura azaldu dira ikus-entzunezkoak izandako zabalkundearekin eta eragindako eztabaida eta gogoetekin, hori baitzen proiektuaren helburu nagusietako bat.
Merinok iragan ekainean aurkeztu zuen bere lanik berriena, Fantasia dokumentala, Malagako Zinemaldian.