Gasteizko Korterraza Film Laburren Jaialdiaren aurtengo edizioa iragan asteburuan itxi zuten, eta zazpi garaikur banatu zituzten eskainitako filmen artean. Garaile nagusia Juanjo Giménezen Ascenso izan da, Alex Angulo sari nagusia eskuratuta, eta David P. Sañudoren La colcha y la madre laburrak Keler saria jaso du. Euskara saria, aldiz, Ibon Landaren Kirolak proiektuarentzat izan da.
Uztailaren 7tik 11ra burutu dute Korterraza jaialdiaren XII. ekitaldia Gasteizko Iradier Arenan, eta musikaz girotutako aire libreko emanaldiek jende andana elkartu dute Euskal Herriko zein Espainiar estatuko film labur berrienen bueltan. 46 lan bistaratuko dituzte orotara, izan ere, Sail Ofiziala, Mostra, Komedia eta Txiki atalak eskaini badituzte ere, Sensibiliza atalaren proiekzioak hil honen amaieran egingo dituzte, uztailaren 26an.
Palmaresaren zati handiena, dena den, uztailaren 9an bertan jakinarazi zuten, hirugarren emanaldiaren ostean, eta zazpi garaikur banatu zituzten, ondorengoak:
- Alex Angulo Sari Nagusia: Ascenso, de Juanjo Giménez
- Keler Saria: La colcha y la madre, David P. Sañudo
- Komedia onenaren Grupo Eleyco saria: Hold for applause, Gerald B. Fillmore
- Gasteizko ikusleen Laboral Kutxa saria: ex aequo jaso dute Friendzone (Sergio De Miguel) eta Hold for applause (Gerald B. Fillmore) lanek
- Bertako Igogailuak – Euskara Saria: Kirolak, Ibon Landa
- Korterraza Txiki lehen saria: Trésor
- Korterraza Txiki bigarren saria: Migrants
Sensibiliza Saria eta ikusleen Korterraza Araba eta Korterraza Txiki sariak, ostera, aurrerago banatuko dituzte, emanaldi sorta amaitutakoan.
Herriz herriko bira
Lurralde osora zabaltzen den Korterraza Araba jaialdia, aldiz, unerik gorenean dago. Atzo, uztailak 15, Araian eta Ondategin egin zituzten emanaldiak, eta asteburuan Lanteno, Araian, Estavillon eta Gatz Haranean programatu dituzte saioak. Hilabetea amaitu aurretik, halaber, Artziniegan, Maeztun, Ozion, Izarran eta Labastidan izango dira emanaldiak. Korterrazaren atarian ikus dezakezue egutegia.