Donostiako Kresala Zineklubaren ekimenez eta Azkoitiko Zinetogram, Beasaingo Goieniz eta Urretxu-Zumarragako ButaK 21 zineklubekin lankidetzan, K Sariak sortu dituzte. Zinekluben eta zinemaldien arteko elkarlanaren emaitza dira, eta Gipuzkoako bost zinema jaialditan banatuko dituzte aurrerantzean.
Gipuzkoako jaialdietako filmak lurralde osora zabaltzea eta bertako zineklubei festibaletan ikusgarritasuna ematea ditu helburu Gipuzkoako lau zinekluben artean sortu berri dituzten K Sariak. 2022an 50 urte beteko dituen Donostiako Kresala Zinekluba da ekimenaren bultzatzaile nagusia, eta proiektura batu dira Azkoitiko, Beasaingo eta Urretxu-Zumarragako zineklubak.
Alboan izango dituzte Gipuzkoan ospatzen diren bost zinema jaialdi: Debako Animadeba Nazioarteko Animazio Zinemaldia; Tolosako Zeinu Hizkuntzako Zine Jaialdia; Donostiako Donosskino Film Laburren Jaialdia; Iruñean, Bilbon eta Donostian egiten duten Zinetika Dantza eta Zinemaren Nazioarteko Jaialdia; eta Hondarribiko Amua Musika Zinema Dokumentalaren Jaialdia. Hala, zineklubetako hiru kidek osatutako epaimahaia arduratuko da jaialdi horietako bakoitzean lan bat nabarmentzeaz, eta Egingelak, Iker Babacek eta Asier Arizkorretak osatutako kolektiboak egindako K formadun garaikurra emanago diete lan horiei.
Bost jaialdietan saritutako lanekin, azkenik, saio berezi bat antolatuko dute, eta urte amaieran Gipuzkoako hainbat herritan egingo dituzte emanaldiak. Hala, jaialdi horietako laginak lurraldeko herri gehiagotara heltzea lortuko dute, filmei zein ekimenei ikusgarritasuna emanez.
Aurkezpen ekitaldia
Sarien aurkezpena abuztuaren 30ean egingo dute Tabakalerako Kutxa Kultur terrazan, film laburren emanaldi bereziarekin. Ekitaldia 20:00etan hasiko da, eta eragile bakoitzak bere eskaintza, elkarlana nola sortu den eta etorkizuneko aurreikuspenak azalduko dituzte. Jarraian, Ama hil zaigu (Bira Produkzioak, 2021), Cerdita (Carlota Martínez Pereda, 2018), Sisters (Daphne Lucker, 2018), La tierra llamando a Ana (Fernando Bonelli, 2019), I Said I Would Never Talk About Politics (Aitor Oñederra,n 2015), Beldur Malutak (Ander Iruretagoiena eta Telmo Irureta, 2019), Monsieur Michel (Julien Bourges, 2019) eta Sirenas (Aitor Guerrero, 2021) izango dira ikusgai. Gonbidapenak eskuragai!