Iñigo Aranburu (Donostia, 1971) aktoreak kameraren gidaritza hartu du aurrenekoz Oihartzunak proiektu pertsonalari forma emateko, eta goi mailako profesional eta adiskideen laguntzarekin osatu du ama omentzen duen lau minutuko labur samurra. 2021eko Kimuak katalogorako hautatu zuten filma ekainean, eta datozen hiletan nazioarteko jaialdietan entzungo da amaren barre algara.

Gaztetxotan ETBko Bai Zera saioan parte hartu bazuen ere, kamera eta eszenatokietatik urrun ibili zen Araburu 30 urteen krisialdiaren eraginez intrerpretazioaren harrari jaramon egin eta aktore gisa trebatzea erabaki zuen arte. Bartzelonan hainbat urtez aritu zen antzerkiaren munduan, eta Euskal Herrian lan egiteko aukera zuela ikusita, sorterrira itzuli zen. Aitaren etxea (Jabi Elortegi, 2015), Alardea (David P. Sañudo, 2020) eta Altsasu (Asier Urbieta, 2020) telesailetan eta Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017), Mateoren ama (Aitor Arregi eta Joxe Mari Goenaga, 2018), Ventajas de viajar en tren (Aritz Moreno, 2019) eta Hil kanpaiak (Imanol Rayo, 2020) film indartsuetan, besteak beste, hartu du parte ordutik, eta aurpegi ezaguna bihurtu da gurean.

Orain urtebete zendu zen Aranbururen ama, eta haren etxera joaten zenean sentitzen zuen hutsuneari emaniko erantzuna da aurkeztu berri duen Oihartzunak laburra. Amarekin zituen oroitzapen dibertigarrien eta penaren arteko lotura egin nahi izan du bertan, aktore gisa ezagutu dituen lankide eta lagunen babesean, eta haien ekarpenari esker, Kimuak katalogoan hautatua izateko esperantza txiki bat bazuela aitortu digu. Jarraian duzue Donostian egin genuen elkarrizketaren lehen zatia.