Jesusen Konpainia sortu zuen apaizaren bilakaerari so eraikitako proiektua izango da Iñigo, Imanol Rayo zuzendari nafarraren azken lana. Elkarrizketa eza, argi naturalaren erabilera esklusiboak eta soinuaren birsorkuntza izango dira nagusi, irailaren 27an, Loiolako Basilikan estreinatuko den film luzean.

Imanol Rayo, ‘Hil Kanpaiak’ filmaren errodaje-lanetan.

Ignazio Loiolakoa gure lurraldeko figura erlijioso ezagunetariko bat da, Jesusen Lagundiaren sortzailea eta Espainiako kontrarreformaren buruetako bat. Apaiz-gizon izateko grina, ordea, berandu iritsi zitzaion, eta militar jardun zuen bere lehen urteetan. Hain zuzen ere, Gaztelako Koroaren armadaren zerbitzura.

1521eko maiatzean, Henrike II.a Nafarroako Erresuma berreskuratzeko ahaleginean ari zela -haren aurka borrokatu zuen Gaztelako armadako gudari izan zen Loiolakoa-, Iruñeko guduan larriki zauritu zuten. Eritasun horren ondorioz, Azpeitiko dorretxera eraman zuten atseden hartzera. Gertaera historikotik aldendu, eta bertatik irten zen lehen eguna izango du filmak abiapuntu. Murgiltze esperientzia batean parte hartzera gonbidatuko du publikoa, protagonistaren konbertsioa erakutsiko duen bidaia intimo zein espiritualean.

Errealizadoreak Noticias de Gipuzkoa egunkariari azaldutakoaren arabera, aspalditik erakartzen zuen Jesuiten kondaira eta elezaharretara hurbiltzeak. Horiek guztietan, noski, pisu berezia hartzen zuen Ignazio Loiolakoak, eta “funtsezkoenera joateko” duen joera horretan erabaki zuen pertsonaiara gerturatzea. Zuzendariaren esanetan, COVID-19 gaizak 2020 urtean eragindako itxialdia erabakigarria izan zen proiektua abiatzerako orduan.

Aurrez aipatu gisa, elkarrizketa ezak, argi naturalaren erabilera esklusiboak eta soinuaren birsorkuntzak ezaugarrituko dute 85 minutuko iraupena izango duen ikus-entzunezkoa. Sorkuntzarako, bere lanetan ohikoa duen profesional taldea bildu du Rayok: Iker Ganuzarekin produkzio ekxekutiboan; Agirre Erauso argazki zuzendaritzan; Raul Lopez muntaian; Xanti Salvador soinuaren postprodukzioan… Halaber, Javier Godinorena izango da interpretazio lan bakarra.

Filma irailaren 27an estreinatuko dute, Loiolako Basilikan, eta bere konbertsioaren V. mendeurrena ospatuko duen egitarauaren parte izango da.