Iñaki Alforjak zuzendutako El vuelo de las libélulas dokumentalak bederatzi emakumezko nafarrek osatutako Mariburruntzis igeriketa sinkronizatuko senior taldearen jarraipena egiten du, eta asteburu honetan, uztailak 10 eta 11, Bartzelonan jokatuko diren Igeriketa Artistikoko Kataluniako Open Master Txapelketan amaituko dute errodajea.

Raquel, Laura, Alicia, Anita, Irene, Lola, Ana, Garbiñe eta Isis jatorri ezberdinetako emakumezko nafarrak dira; haietako bakoitzaren egoera pertsonala, soziala, ekonomikoa zein laborala, oso ezberdina da, baina proiektu bera dute eskuartean: Mariburruntzis igeriketa sinkronizatuko senior taldea, kategoria horretan, Europako bakarrenetakoa. 2020ko itxialdian hamargarren urteurrena bete zuen taldeak, eta elkartasuna, errespetua, enpatia eta ahizpatasuna oinarri  dituen historia kontatzea erabaki zuten.

Iñaki Alforjak taldearen jarraipena egin du ordutik, eta besteak beste, Nafarroako Hospitalean, Volkswagen fabrikan, Allozko urtegian, Iruñeko gune ezberdinetan zein Amorebietan egin dituzte grabaketak azken urtean. Asteburuan, aldiz, Bartzelonara joango dira, bertan lehiatuko den Igeriketa Artistikoko Kataluniako Open Master Txapelketan parte hartzera, eta hantxe amaituko dute errodajea.

Proiektuak izaera soziala du, eta emakumezko helduen eta kirolaren arteko harremanaren inguruko erreferente berri eta erakargarria eraikitzen lagundu nahi du, berdintasunaren alorretik. Horretarako, bederatzi emakumezko “arrunt” hauen egunerokoa erakutsiko du, gaztetasuna bezalako aurreiritziei lotutako kirola praktikatzen duten kirolari ez profesionalak. Bizitzeko gogoaren aldeko apustu sendoaren bidez, gizartean errotutako mitoen kontra egingo dute filmeko protagonistek, eta horren adierazle dira gaur egun igeriketa sinkronizatua egiten duten Nafarroako 300dik gora neskatilak.

Lucía Ezker eta Iñaki Alforja arduratu dira filmaren ekoizpenaz, Natxo Leuza muntaketaz eta postprodukzioaz, eta Rocketsound etxea soinuaren diseinuaz.