Amaia izeneko ama berriaren istorioa kontatuko du Alauda Ruiz de Azúa zuzendari barakaldarrak Cinco lobitos izeneko bere lehen film luzean. Filma Madrilen eta Bizkaiko hainbat lekutan errodatzen ari dira Laia Costa, Susi Sanchez, Ramon Barea eta Mikel Bustamante, tartean, aktoreekin.

Amaia erditu beri da, eta Javi bikotekideak kanpora joan beharko duenez, gurasoen etxera itzuliko da, euskal kostaldeko herri batera, aitak eta amak haurra zaintzen lagundu diezaioten. Amaren eta alabaren arteko elkarketak, hirugarren belaunaldiaren etorrerarekin, aspaldiko lotura bistaratuko du, baita bien artean egun dituzten desadostasun eta ezberdintasunak ere.

Amatasunari buruzko kontaketa intimo eta zintzoa egin nahi izan du Alauda Ruiz de Azúa gidoilari eta zuzendariak bere lehen filma izango den Cinco lobitos luzean. Laia Costa aktore katalanak gorpuztuko du pertsonaian nagusia, eta Susi Sanchez eta Ramon Barea aktoreak izango dira gurasoak. Mikel Bustamante, ostera, Javi izango da, Amaiaren bikotekidea. Encanta Films, Sayaka Producciones eta Buena Pinta Media ekoiztetxeak daude proiektuaren atzean, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Madringo Erkidegoaren laguntza jaso du, RTVEren, EiTBren eta Orangen parte-hartzearekin. Arantzazu Callejak osatuko du soinu-banda, eta Jon D. Dominguez izango da argazki zuzendaria.

Lana errodatzen ari dira egunotan Madrilen eta Bizkaiko hainbat lokalizaziotan, nagusiki, Mundakan eta Bakion.