1937ko apirilaren 26an tropa faxistek Gernika-Lumo bonbardatu zuten, eta munduak G. L. Steer korrespontsal hegoafrikarrak The Times egunkarirako idatzitako kronikari esker izan zuen gertakariaren berri. “Euskaldunen hiririk zaharrena eta haien kultur tradizioaren muina” erabat suntsitu zutela, alegia. Kazetariak, bere idazkian, zera nabarmendu zuen: “Gernikako haritz ospetsua ere, mende honetako kimu berriak zituen 600 urteko andui zaharra, onik mantendu zen”, eta berehala haritz zaharra askatasunaren sinbolo bilakatu zen.

Gerora etorri dira, Pablo Picasso artistaren margolana, Paul Eluard idazle frantziarrak idatzitako La victoire de Guernica poema, edota Alain Resnais eta Robert Hessens zinemagile frantziarrek elkarlanean zuzendu zuten Guernica filma labur esperimentala, isildutako memoriaren aldarrikapenak. Baina hel diezaiogun haritz zaharrari. Eta Jose Mari Iparragirre musikari urretxuarraren Gernikako arbola kantua “ahanzturatik atera eta euskaldunon ereserki” bihurtuko balitz, zer?

Iaz izan genuen ekimenaren berri, sortzailearen jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan. Aurten, berriz ekarri dute proposamena lehen lerroa. Izan ere, Euskal Herriko idazle eta musikarik badute eskaera berezi bat, garrantzitsua izan daitekeena nazio ikuspuntutik; hala irakurri genuen BERRIA egunkarian aurreko astean.

Gernikako arbolak, Iparragirreren kantak, eta zinemak zein zerikusi duten galdetzen ariko zarete ziur asko. Bada film bat 1969an Pedro Lazagak zuzendutakoa, hain zuzen ere, El otro árbol de Guernica deiturikoa, Luis de Castresana idazle bizkaitarrak idatzitako izen bereko eleberrian oinarritutakoa, baina bestelako kontu batzuez aritu nahiko nuke. Ereserkien errepresentazio zinematografikoez.

Herri, komunitate, talde edo identitate bat partekatzen dutenen kanta da ereserkia, sentimendu kolektibo edo gertakari jakin baten omenez ere abestutakoa. Horrela definitu genezake, nahiz eta egin daitezkeen irakurketak eta erabilerak anitzak izan daitezkeen. Garai ezberdinetan sortuak dira, jatorri herrikoia dutenak –Bella Ciao, adibidez- edota musikari klasikoek konposatutako melodien egokitzapenak -Europar Batasunekoa (An die Freude, Beethoven) eta Alemaniakoa (Kaiserlied, Haydn) kasu-.

Batasuna eta indarra transmititzen dute, eta zenbait zinemagileek beraien filmetan txertatu izan dituzte ikus-entzuleengan eragiteko asmoz. Mila adibide aurki ditzakegu zinemaren historian, baina beharbada bada bat nabarmendu izan dena.

Allons enfants de la Patrie

La Grande Illusion (1937) filmean Jean Renoir zinegile frantziarrak bere apustu estilistiko guztiei berebiziko etekina atera zien. Lehenengo Mundu Gerran kokatuta, Alemaniako kontzentrazio esparru batean preso dauden soldadu frantziarren nondik norakoak ezagutuko ditugu. Bertatik ihes egin nahian ariko dira, eta beharbada lortuko dute. Baina argumentuaz haratago, Renoirren eszenaratzeak egingo du filma handi.

Frantziarraren filmografia osoan bada elementu bat nabarmenduko dena, antzerkia –Nana (1924) Émile Zola idazlearen eleberriaren egokitzapena da, La bête humaine (1938) Parisko Théâtre des Variétés antzokian hasiko da, La Règle du jeu (1939) lanean antzerki errepresentazio bat egongo da, Le Carrosse d’or (1952) filmean zuzendariak Commedia dell’Arte italiarra omenduko du etab.-, eta berau erabiliko du Renoirrek herritarren askatasun nahia eta elkartasuna aldarrikatzeko tresna gisa. Hala, La Grande Illusionera itzuliz, preso frantziarrek kontzentrazio esparruan antzerki obra bat nola eraikiko duten ikusiko dugu, eta gertakizun baten berri izango dute bat-batean: armada frantziarrak garaipen oso garrantzitsua lortu du inguruko gatazka gune batean. Antzerki obra eten, preso guztiak zutitu eta aho batez La Marseillaise ereserkia abesten hasiko dira.

 

Presoak zutitu ahala, kamerak travelling luze eta zirkular bat egingo du banan banan soldadu horien aurpegiak erakutsiz, mozketarik gabe, denak plano berean batuz, kargu edo mailaketa sozialik gabe. Atxilo daudenek beren preso egoera ahaztuko dute eta gizaki bilakatuko dira, askatasunari kantu eginez, ikus-entzulea interpelatuz, zuzenean guri dei eginez.

Hurrengo urtean, 1938an, eragiketa errepikatu zuen, hain zuzen ere, La Marseillaise izeneko filmean. Frantziako Iraultza abiapuntu duen pelikulan herri xeheak monarkia garaitzeko iraultza nola antolatu zuten erakutsiko digu Renoirrek, baita ereserkiaren beraren sorkuntza ere. Errepublika ezartzeko prozesu horretan, Parisera bidean ezagutuko ditugu protagonistak. Beste behin, aho batez, plano bakar batean, eta travelling luzea baten bidez, sortu berria zen La Marseillaise entzungo dugu, herritarrek beren eskubideak abestuko dituzte.

 

Amerikako Estatu Batuetan, Hollywooden, egin zuten saiakera bat, frantziarren ereserki nazionala erabiliz askatasunaren aldeko deia munduan zabaltzeko.

Michael Curtiz zinemagile hungariarraren maisulana da Casablanca (1942), Humphrey Bogart eta Ingrid Bergman aktore entzutetsuek parte hartuko dutena. Bigarren Mundu Gerra bete-betean gatazkatik alde egin nahi duten hiritarrek bisatua lortzeko azken aukera izango dute Vichyko erregimenak kontrolatutako Casablanca hirian, baina soldadu frantziarrez gain alemaniarrak ere izango dira bertan, eta halako batean, azken hauen kantu nazionalistak entzuteaz gogaitua, Rick protagonista nagusiaren tabernan ezkutatuta dagoen Victor Laszlo iheslari politikoak La Marseillaise interpretatzeko eskatuko die tabernako musikariei.

Garai hartan, Vichyko erregimenak okupatutako lurraldeetan La Marseillaise ez zen Frantziako ereserki nazionala, are gehiago, erresistentzia kantatzat zuten, debekatuta baitzegoen hura abestea. Hala, guztiz deigarria izan zen Curtiz zinemagilearen keinua, nahiz eta, pasartea eraikitzeko planteamenduari dagokionez, Hollywood klasikoko estandarte eta kodeak erabili zituen. Renoirrek ez bezala, plano ezberdinetan zatikatu zuen eszena, planoak bertan agertuko diren pertsonaien eta transmitituko duten sentimenduen arabera mailakatuz. Adibidez, pasioz, negar malkoak agerian dituela, abesten ariko den emakume bati lehen planoa eskainiko dio, ikus-entzuleak identifika dezan momentuaren garrantzia; Laszlo iheslaria koadroaren erdian jarriko du, musikariz inguratuta, haien interpretazioa zuzenduz, aurrez aurre, zutik, tabernako bezeroak dituela; soldadu alemaniarrak etsituta irudikatuko ditu, ereserki-guda horretan galtzaile mahaian eseriko dira…

 

Garai bertsuko bi zinegile dira Renoir eta Curtiz, biak europarrak. Hungariarra Hollywooden ezagutu izan dugun nagusiki, baina frantziarrak ere AEBetara ihes egin behar izan zuen naziek herrialdea hartu zutenean. Gerra gertutik ezagutu zuten, eta La Marseillaise ereserkia zinemaren bitartez zabalduz, askatasun mezua helarazi nahi izan zioten herriari, elkartasuna adierazi, faxismoaren aurka eragin.

Marchons, marchons!