Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak elkarlanean abiatu zuten 2015ean Ikusmira Berriak egonaldi-programa, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, eta 2022ko deialdira proiektuak aurkezteko epea zabaldu berri dute, irailaren 1era arte. Indarra hartzen ari den talentua eta ikus-entzunezko sorkuntza babesteko eta bultzatzeko xedea du.

Ikusmira Berriak proiektua zortzi asteko egonaldia da. Bertan parte hartzen duten sortzaileei lekua, testuingurua, denbora eta baliabideak eskaintzen dizkiete lantzen ari diren ikus-entzunezko proiektuetan inbertitzeko. Prestakuntzaren eta garapenaren inguruan ardaztutako programak bi fase ditu: lehenengoan, egoiliarrek adituen batzordeko aholkularitza jasotzen dute sei astez (martxotik apirilera), eta tutoretza-saioen bidez, prozesuaren urratsak lantzen dituzten premien arabera. Bigarren fasea, aldiz, irailean gauzatzen dute, Donostia Zinemaldiarekin batera, eta bi astez, industriako profesionalekin elkarlanean aritzeko aukera dute gazteek.

Gaur egun Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean kudeatzen dute ekimena, eta talentu zinematografikoari laguntzeko sistema bat eratu dutelakoan daude, proiektu bat sortu eta ikusaraztetik harago, luzaroko laguntza eta babesa eskaintzen dietelako.

Ikusmira Berriak programaren 2022ko deialdira proposamenak helarazteko epea uztailaren 1ean zabaldu zuten, eta bi hilabetez, irailaren 1era arte, luzatuko dute. Bost arlotako sortzaileei zuzenduta dago: nazioarteko zinemagileak, Espainiakoak, EAEkoak, EQZEko ikasleak eta Nest atalean parte hartutakoak. Haietako bakoitzetik proiektu bat aukeratu dute.

Deialdiaren oinarriak eta gainerako informazioa programaren orrialdean dago eskuragai.