1870 eta 1940 urteen artean Nafarroako eta Aragoiko neska gazteek, Ainara gisa ezagunak, Pirinioak zeharkatuta Maulera, espartinen industrian lan egiteko asmoz, burutzen zuten bidaia du hizpide dokumental homonimoak. Juan San Martín eta Ritxi Lizartza dira ikus-entzunezkoaren zuzendariak, eta Anne Etchegoyen kantariak egingo ditu gidari lanak.
Hegazti migratzaileen joan-etorriak bezala, XIX. mende amaieratik XX. mende erdira, Nafarroa eta Aragoiko ehunka emakumek Pirinioak zeharkatzen zituzten neguan, Mauleko lantegietan espartingintzan jardun eta udaberrian etxera bueltatzeko. Sasoiko mugimendu migratzaileak errotiko eraldaketa eragiten zuen andrazko izatera igarotzen ziren neska gazteengan, baita haien jatorrizko bailaretan ere.
Memoria hori gordetzeko asmoz, 2019an abiatu zituzten dokumentala osatzeko lanak, ikus-entzunezkoa proiektu zabalago baten baitan. Hala, ainaren jaiolekua ziren herrietako biztanleei dei egin zieten beren artxibo, dokumentu, argazki, egunkarietako berri, postal eta orotariko ondare-osagaiak biltzeko, eta guztiak eskuragarri egongo dira ainarak.eus webdokean. Errodajea, aldiz, iragan urriaren 15ean abiatu zuten Belagoan, eta besteak beste, Erronkarin, Zaraitzun, Ansón, Nafarroan Beherean eta Zuberoan egin dituzte grabaketak azken hiletan. Lanok iragan ekainaren 23an amaitu zituzten, Iruñean, eta dokumentala abenduan estreinatzeko asmoa dute.
Maluta Films eta 601 Producciones ekoiztetxeen proiektuko zuzendariak dira Ritxi Lizartza eta Juan San Martín. Marga Gutiérrezen gidoia du filmak, eta Anne Etchegoyen kantari eta musikagilea arduratu da ainarek egindako bidaia berregiteaz, Quim Torrensek gobernatutako kameraren aurrean.
Zuzendarien hitzetan, “proiektu honen ezaugarri nagusia aberastasun kulturala da, biltzen dituen testigantzetan hiru kultura eta lau hizkuntza entzungo baitira: Nafarroako eta Zuberoako euskara gaztelania, Aragoiko fabla eta frantsesa. Emakume haien bizimodua jasotzeaz gain, Pirinioetako historia berreskuratu nahi izan dugu, muga politikoa izanagatik, alde bietako biztanleek harreman handia zutelako elkarrekin eta, beraz, kultura, ekonomia eta gizarte arloko elkartrukea etengabea baitzen”.