Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko X. Jaialdia urriaren amaieran egingo dute, eta bertara film laburrak aurkezteko deialdia zabaldu berri dute, abuztuaren 16ra arte. Izen-ematea Filmfreeway eta Festhome plataformen bidez egin beharko da. Era berean, aurtengo ekitaldiaren kartela ere iragarri dute.

Iruñeko Gazteriaren Etxea izango da aurten Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko jaialdiaren egoitza nagusia, azken edizioak hiriko kulturgune ezberdinetan egin ondoren. Festiabala urri amaieran egingo dute, 24tik 29ra, eta bertan bistaratuko dituzten proiektuak hautatu ahal izateko, film laburrentzako deialdia zabaldu berri dute. Epemuga abuztuaren 16a izango da, eta izen-ematea Filmfreeway eta Festhome plataformen bidez egin beharko da, parte hartzaileei prozesua errazteko.

30 minutuz azpiko genero fantastikoko eta beldurrezko lanei zuzenduta dago, beti ere, estreinatu gabeak badira, eta gaztelaniazko azpidatziak jarri beharko dizkiete ikus-entzunezkoei. Jasotako lanen artean aukeraketa egingo dute, eta hainbat sailetan banatuta proiektatuko dituzte jaialdian. Deialdiaren oinarriak izen-emate plataformetan daude eskuragai.

Bidalketa epea zabaltzearekin batera, gainera, jaialdiko arduradunek aurtengo ekitaldiaren kartela aurkeztu dute. Egoitza berriari lotuta, urpeko izaki erraldoi batek Iruñeko Gazteriaren Etxea nola erasotzen duen erakusten du irudiak, aurreko edizioetan Gaztelu Plazarekin, Sarasate pasealekuarekin, zezen-plazarekin, udaletxearekin edota Yamaguchi lakuarekin egin bezala.

Informazio osagarria jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke.