Donostia Zinemaldian egiten duten Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XVII. edizioaren datak zertxobait aurreratu dituzte, irailaren 20tik 22ra, astelehenetik asteazkenera. Era berean, proposamenak aurkezteko epea astebetez luzatu zuten, ekainaren 18tik 25era, baina deialdia itxita dago jada.
Europako koprodukzio bila ari diren dokumentalen ekoizleei zuzendutako topaketa da Donostia Zinemaldiaren Industry atalean urtero antolatzen duten Lau Haizetara Koprodukzio Foroa. Aurtengo XVII. edizioa irailaren 21etik 23ra egiteko asmoa azaldu zuen IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak, baina datak egokitu dituzte, eta tailerrak zein pitching saioak hilaren 20tik 22ra egingo dituzte, 69. Zinemaldiaren egitarauaren baitan.
Lehen bi egunetan, irailaren 20an eta 21ean, prestakuntza jarduerak egingo dituzte aditu profesionalekin, eta hala, proiektuaren arduradunek pitching saioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko tresnak eskuratuko dituzte. Zazpi minutuko aurkezpenak, ostera, irailaren 22an egingo dituzte Kursaal Jauregiko Industry atalean, Commissionin Editoreen panel garrantzitsu baten aurrean, eta arratsalde horretan bertan, proiektuen ordezkariek eta paneleko kideek bakarkako bilerak egiteko aukera izango dute, lankidetza-akordioak zehazteko asmoz.
Inskribatutako proiektuen artean hamalau hautatuko dituzte Foroan parte hartzeko, eta bertaratutako arduradunek beste hainbat jardueratan parte hartuko dute, Europako errealitate zinematografikora eta kulturara hurbiltzeko asmoz. Gainera, IBAIA saria lortzeko hautagaiak izango dira (3.000 euro ekoizlearentzat). 2017an, hain zuzen, Ander Iriarte oiartzuarraren Krask soinua proiektua nabarmendu zuten foroan.
Ekitaldiaren inguruko xehetasunak hemen topatuko dituzue.