Iragan asteburuan, ekainaren 25etik 27ra, luzatu da Requenako (Valentzia) film laburren VII. jaialdia, eta atzo iragarri zuten palmaresean hiru euskal proposamen ageri dira: Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos (2020), Sail Ofizialeko sari nagusia eskuratuta; Marina Palacioren Ya no duermo (2020), zuzendari onenaren sariarekin; eta Lander Ibarretxeren Regina (2019), filmean argazki zuzendari lanak egin dituen Jorge Basterretxeak jaso baitu kategoria horretako garaikurra.
Espainiar estatuan ekoitzitako film laburren erakusleiho izateko asmoz sortu zuten Requena y… ¡Acción! film laburren jaialdia 2013an, eta gaur egun 16 laguneko taldea dago festibalaren atzean, topaketa aurrera ateratzeko lanean. Hogei izan dira VII. ekitaldiko Sail Ofizialean bistaratu dituzten proposamen laburrak, tartean, Paul Urkijoren Dar-Dar, Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos, eta Marina Palacioren Ya no duermo, 2020ko Kimuak katalogoko izenburuak guztiak.
Iragan ostiraletik atzora arte luzatu da aurtengo programazioa, eta Jara Yáñez zinema kritikari madrildarrak, Antonio Serón gidoilari malagarrak eta Laura Pérez ekoizle valentziarrak osatutako epaimahaiak atzo eman zuen aditzera irabazleen zerrenda. Bada, garaileen artean dira hiru euskal proiektu:
- Sail Ofizialeko film onenaren saria Maria Elorzaren eta Koldo Almandozen Quebrantos proiektuarentzat izan da, film laburren jaialdien zirkuituan ibilbide arrakastatsua egiten ari den drama gogorra.
- Zuzendaritza onenaren saria, ostera, Marina Palacio donostiarraren Ya no duermo laburrak jaso du. Elias Querejeta Zine Eskolako Sorkuntza graduondoa egindako zinemagile gaztearen lanak dozena bat garaikur lortu ditu jada.
- Argazki onenaren saria, azkenik, Jorge Basterretxearentzat izan da, Lander Ibarretxe Pérez zinemagile bilbotarraren Regina filmeko irudiengatik. 2019ko Zinebi jaialdian estreinatu zuten Galapan ekoiztetxeak sustatutako ikus-entzunezkoa, eta Euskal Zine Bileratik igaro ostean, 2020an eta 2021ean zehar hamaika jaialditan bistaratu dute.
Requena y… ¡Acción! jaialdiaren inguruko xehetasunak festibalaren atarian daude ikusgai.