Hollywoodeko Akademiak aditzera eman duenez, Samuel L. Jackson eta Liv Ullmann aktoreek eta Elaine May gidoilari eta zuzendariak ohorezko Oscarra jasoko dute 2022ko urtarrilean, Oscar sariena baino ekitaldi xumeagoan, zuzeneko telebistarik gabe eta gonbidatu gutxirekin. Gainera, Danny Glover aktoreak Jean Hersholt sari humanitarioa jasoko du.

Jackson, Ullmann eta May.
Hollywoodeko zinemagintzan ibilbide arrakastatsua egindako profesionalak dira hirurak. Oscar saria eskuratzeko hautagaiak izan dira, garaikurra orain arte poltsikoratu ez duten arren. 2022ko urtarrilean, azkenik, haien ibilbideei aitortza egingo dieten ohorezko sariak jasoko dituzte Samuel L. Jackson, Liv Ullmann eta Elaine Mayk, nork bere alorrean egindako lan esanguratsuagatik.
Jackson estatubatuarraren kasuan, Pulp Fiction (Quentin Tarantino, 1994) maisulanean egindako lanarekin heldu zitzaion mundu mailako aitortza, eta Hollywoodeko aktore arrakastatsu eta lanpetuenen artean izan da azken hamarkadetan, tartean, Jurassic Park (Steven Spielberg, 1993), Jackie Brown (Quentin Tarantino, 1997), Unbreakable (M. Night Shyamalan, 2000) eta Django Unchained (Quentin Tarantino, 2012) filmengatik. Ulmmann norvegiarraren kasuan, Ingmar Bergmanekin egindako ikus-entzunezkoek eman diote ospea, hala nola, Persona (1966) eta Ansikte mot ansikte (Cara a cara, 1976). Bi aldiz izan da emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagaia, eta 2012an Bergmanekin 42 urtez mantendu zuen harreman profesionalaren inguruko dokumentala estreinatu zuten, Liv & Ingmar (Dheeraj Akolkar).
Bere ibilbidea aktore gisa abiatu bazuen ere, Heaven can wait (Warren Beatty eta Buck Henry, 1978) eta Primary Colors (Mike Nichols, 1998) klasikoentzat egokitutako gidoiengatik egin zen bereziki ezaguna May, Oscarra eskuratzeko hautagaitza eskaini ziotenak. Zuzendari paperean, ordea, arrakasta handia izan zuen 70eko hamarkadan aurkeztu zituen A New Leaf (1971), The Heartbreak Kid (1972) eta Mikey and Nicky (1976) lanengatik.
Haiekin batera, The Color Purple (Steven Spielberg, 1985) filmean eta Lethal Weapon (Richard Donner) sagan parte hartu duen Gloverrek Jean Hersholt sari humanitarioa jasoko du ekitaldi berean.

Glover.