Arroxelan (Frantzia) ostiralera bitarte egiten ari diren Sunny Side of the Doc dokumentalen azokan 69 euskal dokumentalez osatutako katalogoa aurkeztu dute Zineuskadi Elkarteak eta Etxepare Euskal Institutuak Basque Audiovisual standaren baitan. Iaz bezala aurten ere, ekimena online egiten ari dira.

Euskal ekoiztetxeen ikusgarritasuna sustatzeko eta garatzen ari diren dokumentalentzat partnerrak zein banatzaileak bilatzeko, Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadi Elkarteak euskal enpresen lanei eskainitako Basque Audiovisual stand birtuala jarri dute egunotan Arroxelan egiten ari diren Sunny Side of the Doc generoko azoka entzutetsuan. Izan ere, astelehenean, ekainak 21, abiatu zuten azoka, eta ostiralera bitarte, 60 herrialdetako 2.000 profesionaletik gora bilduko dira egitarauari lotutako jardueretan parte hartzeko zein harremanak egiteko.

Pandemiaren eraginez, aurten bigarrenez, modu digitalean osatzen ari dira bost eguneko egitaraua, eta euskal ordezkariei bultzada emateko asmoz, Meet The Basque Delegation izeneko ekitaldia antolatu zuen atzo, ekainak 22, Etxeparek. Zazpi euskal ekoiztetxek eman zuten izena beren proiektuak bistaratzeko: Arena Comunicación, Itziar García Zubiri, Kanaki Films, Maluta Films, Pixel Productions, Sonora Estudios eta IBAIA-Lau Haizetara. Eta Donostia Zinemaldian egiten duten Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren inguruko mintzaldia ere eskaini zuten.

Euskal profesionalen 69 dokumentalekin osatutako Basque Docs katalogoa, halaber, ekimenean parte hartuko duten nazioarteko profesionalen eskura jarri dute, eta interesatuek harremanetan jartzeko bideak topatuko dituzte bertan. Pandemiaren erauntsiari aurre egiten jarraitzen du industriak, eta etorkizuneko errodajeak sustatzeko, izen bereko webgunea jarri dute martxan, Euskal Herria nazioarteko ekoizpen gune gisa ikusarazten duena.