2019ko abuztuaren 1etik aurrera ekoitzitako nazioarteko film dokumental orori zabaldutako deialdia da Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiarena, eta 2022ko martxoaren 14tik 19ra egingo duten XVI. ediziora proposamenak helarazteko epea irailaren 19ra arte izango da zabalik.

Manuel Asín zuzendari artistikoaren aroa hasi berri den honetan, Iruñeko Punto de Vista jaialdiak datorren urteko ediziora lanak aurkezteko epea zabaldu du. Fikziozkoak ez diren sorkuntzei eskainitako jaialdiak goranzko bidea jarraitu du azken edizioetan, eta egonkortasunarekin batera, nazioarteko sona eta parte-hartzean hazkunde nabarmena izan ditu ekimenak.

2022ko maiatzaren 14tik 19ra egingo duten XVI. edizioari begira, fikziozkoak ez diren ikus-entzunezkoak, gai, iraupena eta hizkuntza aldetik libreak, helarazteko deialdia zabaldu dute irailaren 19ra arte, eta izen-emate formularioa jarri dute eskura jaialdiaren atari digitalean. Inskribapenak bost euroko kostua du, eta jasotako lanen artean, festibaleko Zuzendaritza Artistikoko kideek zein hainbat adituk osatutako epaimahaiak datorren urtean ikusgai izango diren lanak hautatuko ditu; behin betiko zerrendaren berri emango dute abenduan.

Dokumentalen topaketa izaera, gainditzeko eta berritzaile izateko duten borondatea, proposamen arriskutsu eta bilatzaileak izatea, sortzaileek beren filmetako subjektuekin duten konpromiso etikoa, errealitatearen inguruan eskaintzen duten ezagutza eta adierazpide independenteak izatea baloratuko dituzte, besteak beste, ikuspuntu berritzaile, independente eta sozialki konprometitua duten egileen mundu osoko lanak Sail Ofizialean bistaratzeko.

Epaimahaiak lau sari nagusi banatuko ditu, hala nola, film onenaren 10.000 euroko saria, zuzendaritza onenaren 5.000 eurokoa, film labur onenaren 3.000 eurokoa, eta epaimahaiaren aipamen bereziak. Horrez gain, ikusleen 1.650 euroko sari berezia eta gazteriaren 1.500 euroko saria ere eskaini ohi dituzte.

Deialdiaren inguruko xehetasunak ezagutzeko zein izen-emate formularioa ikusteko, sartu Punto de Vistaren webgunean.