Zuzendaria: David Lynch
Urtea: 2001
Herrialdea: AEB

Ez dago David Lynchen zinemaren enbaxadore hobeagorik Lynch bera baino. Inland Empire (2006) filmean egindako antzezlanagatik Laura Dernek Oscar sarietan izendapena lortu zuenean, lagunaren aldeko kanpaina egin zuen maisu iragangaitzak, behi baten konpainiaz eta “For your consideration, Laura Dern” zioen afixa erraldoiaz. Ostera, Twin Peaks telesailaren hirugarren denboraldia promozionatzeko, 25 urte luzez itxarondako fenomenoaren trailerrean, bere burua baino ez zuen grabatu donut bat jaten. Arraroaren eta ederraren arteko errepide galdu horretan, sorkuntzaz sorkuntza eta belaunaldiz belaunaldi, ikuslea txunditzen darrai Lynchek. Aste hauetan, zuzendariaren mundu oniriko zitalera bueltatzeko aukera eskaintzen digu Avalon ekoiztetxeak, jenioaren zortzi obren berrestreinatzearekin.

Horien artean dugu Mulholland Drive, XXI. mendean Lynchek sortutako lehenengo filma. Logikaren arau oro apurtzen dituen amesgaizto hipnotikoaren kontakizunak eta Justin Theroux, Naomi Watts eta Laura Harring protagonisten antzezpen karismatikoak zinemaren historiako zinta onenetarikoen artean lekua ireki zioten Los Angelesen kokatzen den istorio honi.

Antzezlari izateko ametsarekin heltzen da Betty (Watts) bihozbera Hollywoodera eta han topatuko du Rita (Harring) misteriotsua, auto istripu baten ondorioz memoria zeharo galdu duen emakumea. Los Angeleseko kaleetara aterako dira biak, Ritaren iragan ezkutukoa desestaltze aldera. Erritmo itogarriz eta sentsualitate ukitu leunaz, itxuraz loturarik gabekoak diren hainbat pasarte txirikordatuz joango dira deabruen dantza makabro honetan.

Lynchen kolaboratzaile ohikoa den Angelo Badalamentik sortutakoa da filmaren soinu banda, zentzutasun galeraren zurrunbiloa musikatzen duena. Hollywoodeko infernura egiten den beheranzko bidaiak, gainera, kamera subjektiboaz eta zoom progresiboaz baliatzen da tentsioa pizteko, hurrengo izkinaren bueltan topatuko dugunaren beldur. Hala bada, Silencio clubean garatzen den eszena ahaztezinera ailegatu beharko da ikuslea, Rita eta Betty bezain nahasita, zentzugabekeria besarkatu, maitasunaz gozatu eta, zorabio doinuarekin bat eginda, dena ilusio bat dela onartzeko. Ez dago ezer ulertzerik, hain zuzen ere, horretan datza Lynchen iruditegiaren magia.

Leku ezaguna da ametsean agertzen dena, ez da eguna ez gaua eta irudika ezin daitekeen beldurrak betetzen zaitu. Filmaren hasierako pertsonaia batek deskribatzen duen amesgaizto hura bezalakoxea da Lynchen unibertsoa, iluna eta aldrebestua, iturri eta aurpegi ezezaguna duten terroreen sehaska. Nola ahaztu Twin Peaks-eko Boben irribarre makabroa edo Blue Velvet-eko (1986) Franken arnasestuak?

Aterabiderik gabeko unibertsoa dugu Lynchena, filmetik filmera eraikiz eta zabalduz doan amesgaiztoko labirintoa. Utz diezaiogun, bada, kanporanzko ateak bilatzeari eta goza dezagun bidaiaz: ametsetako misterioek harrapa gaitzaten, bihur gaitezen gu geu ere pertsonaia lyncheano, zaurgarri bezain krudel, erreal eta fantastiko. Mundu hau arraroa da, bai, baina halaxe maite dugu guk.