Korterraza Film Laburren Gasteizko Jaialdiaren XII. edizioa uztailaren 7tik 11ra egingo dute Iradier Arenan, eta bost ataletan banatuta, 46 proposamen eskainiko dituzte egitarauan. Horrez gain, lurraldeko plazetan barrena 37 geldialdi egingo ditu Korterraza Araba jaialdi ibiltariak irailera bitarte.

 Uda giroan eta aire librean egiten den film laburren Gasteizko jaialdiak 2021eko aukeraketaren berri eman du. 46 labur dira Sail Ofiziala, Mostra, Komedia, Txiki eta Sensibiliza ataletan bereizita bistaratuko dituztenak, tartean, Paul Urkijoren Dar-Dar, Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos, Ibon Landaren Kirolak,  Mikel Bustamanteren Caníbales, Imanol Ortiz Lopezen Oculto, Xabi Vitoriaren El carné, Pablo Pinadoren El comité eta David P. Sañudoren La colcha y la madre euskal proiektuak.

Ekimenaren programaziorik mardulena uztailaren 7tik 11ra bistaratuko dute, asteazkenetik igandera, eta saioak Iradier Arenan egingo dituzte, 22:00etan. Proiekzioen aurretik, dena den, A Contra Blues (uztailaren 7an), Willis Drummond (uztailaren 8an), Freedonia (uztailaren 9an) eta Corizonas (uztailaren 11n) taldeek kontzertuak eskainiko dituzte 19:30ean, giroa berotzeko. Igandeko sari banaketa ekitaldia, ostera, 19:00etan egingo dute, eta jarraian izango da kontzertua. Programazio osoa Korterrazaren webgunean ikus dezakezue.

Dena den, gai sozialak lantzen dituzten laburrei eskainitako Sensibiliza atala abuztuaren 26an, osteguna, eskainiko dute Artiumeko barruko plazan, 21:15ean, eta haurrentzako lanen Txiki atala, ostera, irailaren 2an, osteguna, Zumaia plazan.

Korterraza Araba

Aurtengoan, gainera, Korterraza Araba jaialdi ibiltariaren zazpigarren edizioa egingo dute uztailetik irailera. 45 proiekzio egingo dituzte lurraldeko 37 plazatan, tartean, Armiñonen, Agurainen, Oroko Santutegian, Manzanosen, Dulantzin, Aramaion, Okondon, Pobesen, Langraizen, Zurbanon, Izarran, Bastidan, Gebaran, Narbaxan, Erentxunen eta Laudion. Herriz herriko emanaldien kasuan, dena den, lau ataletan banatuta bistaratuko dituzte lanak: Super Hautaketa, Sail Ofizialeko film aipagarrienekin; Komedia atala; haurrentzako Txiki saioak; eta Mix atala, aurreko hiru atalen nahasketa.

Kultura Kalean! elkarteak, gainera, Erronka Garbia ekitaldi jasangarri gisa ziurtatu du Korterraza Araba. Iraunkortasun Plana prestatu dute, proba gisa, lau emanalditan aplikatuko dutena, 2022an saio guztietara zabaltzeko asmoz. Hondakinak kudeatzeko, birziklatzea bultzatzeko eta paper inprimatua aurrezteko neurriak biltzen ditu planak, besteren artean.