Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak eta Josean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak prentsaurreko agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako Tabakaleran 69. edizioaren kartelak iragartzeko. Era berean, interpretazioari lotutako sarietan generoaren irizpidea alboratzeko asmoaren berri eman dute, eta aurrerantzean Interpretazio Nagusi Onenaren eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorrak banatuko dituzte, Berlingo jaialdiak abiatutako bideari jarraiki.

 

“Pozik gaude iazko edizioarekin. Eragile guztiek ongi baloratu zituzten zinemaldiaren antolaketa eta edukia. Aurten, ohiko edizio batetik hurbilago egotea espero dugu. Pandemiaren bilakaerak jaialdia baldintzatuko badu ere, formatu presentzialari eutsiko diogulakoan gaude”, adierazpenekin abiatu dute agerraldia Rebordinosek eta Fernandezek. Hala, emanaldi gehiago egiteko eta aretoen edukiera zabaltzeko aukera izango dutelakoan daude, eta glamourra eta publikoa alfonbra gorrira itzuliko direlako pozik azaldu dira. Aldiz, irekiera eta itxiera ekitaldiak zein Belodromoko emanaldiak ez dituzte oraindik berreskuratuko, eta iaz iragarri bezala, pandemiak eragindako edo bizkortutako aldaketa batzuk mantendu egingo dituzte, hala nola, industriari lotutako jarduerek formatu mistoa izango dute.

 

Aurtengo kartelei dagokienez, Eva Villar Estudiok diseinatu ditu Sigourney Weaver aktore estatubatuarraren zuri-beltzezko argazkiaren gainean osatutako poster nagusia zein sail bakoitzaren kartelak. Donostian hiru alditan izan da Weaver, azkenekoz, 2016an, eta orduan jaso zuen Donostia Saria, bere ibilbide osoaren aintzatespen modura. Bi Urrezko Globo irabazi ditu aktoreak, eta izen handiko zuzendarien aginduetara egin du lan. Zinemaldiko arduradunak plazer eta ohore handiz iragarri dute Weaver protagonista duen irudia.

Interpretazio sarietan aldaketak

“Eraikuntza sozial eta politikoa den generoak antzezpenean bereizketa egiteko irizpide izateari utziko dio aurrerantzean, eta Berlingo zinema jaialdiak hasitako bideari jarraiki, epaimahaiak antzezpen on eta txarren artean soilik bereizi beharko du aurrerantzean”, hitzekin iragarri du Rebordinosek Donostia Zinemaldiak hartutako erabakia. Hala, Gizonezko eta Emakumezko Aktore Onenen Zilarrezko Maskorren ordez, Interpretazio Nagusi Onenaren eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorrak banatuko dituzte aurrerantzean. “Arretaz jarraitzen ditugu mugimendu feministaren baitan gai honi eta beste gai batzuei buruz ematen ari diren eztabaidak. Ez dugu ziurtasunik, baina aurrera egin nahi dugu, gizarte justuago eta berdinzaleagoa eraikitzen laguntzeko”, gaineratu dute bi gizonezkoek.

Aldaketak genero maskulinoko eta femeninokoak ez diren beste identitateak aintzat hartzeko balioko duelakoan daude, eta taldeko interpretazioen lana nabarmenduko dute horrela, normalean zinema jaialdietatik at geratzen den kategoria. Hori bai: sariok ex aequo eman ahalko dituzte epaimahaikideek.

Urte osoko programazioa

Teknologiarekin duten harremanak, bestetik, jaialdiaren lan egiteko eta jarduteko modua aldatu duela oroitarazi dute festibalaren arduradunek, eta jaialdiari berari buruzko hausnarketa fase batean murgilduta daudela, gizartera egokitzeko hartu beharreko bideaz, komunitatean duten rolaz, eta ekimenaren errentagarritasunaz. Hala, bederatzi eguneko zita izatetik, urte osora zabalduko den plangintza oparoa eskaintzera igaroko da Donostia Zinemaldia Z365 izenarekin, eta gaurtik aurrera programazio honek leku propioa izango du jaialdiaren webgunean.

Kartel guztiak ikusteko zein gaurko agerraldiko informazio osagarria ezagutzeko, sartu Zinemaldiaren atarian.