Filmazpit euskarazko azpidatzidun filmen katalogoarekin elkarlanean, Lehen asteazkeneko hitzordua zikloko emanaldiak eskaintzen ditu hilero BilbaoArtek, eta datorren emanaldian, uztailaren 7an, Fermin Muguruzaren Beltza naiz dokumentala bistaratuko dute, Black is Beltza animazioaren garapen prozesuaz zein lanaren inguruko transmedia proiektuaz mintzo den ikus-entzunezkoa.

Aita tanzaniarra eta ama zarauztarra dituen Amaia Jacksonen oharretatik abiatuta osatu zuen Fermin Muguruzaren lantaldeak Beltza naiz dokumentala 2018an. Urte hartan bertan Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuen Black is Beltza animazio lan mardularen sortze prozesua jasotzen du, Jacksonek berak filmaren inguruan garatutako plataforma narratiboez zuen interesa oinarri hartuta.

Ikus-entzunezkoa bi zatitan banatzen da: batetik, dokumentalaren transmedia garapena nolakoa izan den erakusten du, eta bestetik, animaziozko filmaren sorkuntza prozesu osoa, beronen atzean dauden artistei eta ekintzaileei eginiko elkarrizketekin lagunduta. Azken batean, animaziozko lanaren making-of gisa aurkeztu dute filma, eta azken hiru urteetan hamaika aretotan bistaratu dute.

Datorren saioa, baina, BilbaoArten izango da, uztailaren 7an, Lehen asteazkeneko hitzordua zikloaren baitan. Filmazpitekin elkarlanean antolatutako emanaldi sorta da, urtarriletik abendura, hilean euskarazko azpidatzidun film bat proiektatzeko konpromisoa duena, eta abuztuaren 4an, hain zuzen, Muguruzak 2013an aurkeztutako No More Tour musika dokumentalaren txanda izango da,  bost hileko biraren argilunak erakutsiko dituen proposamen zirraragarria.