Ander eta Eneko Sagardoy anaiek 2020ko uztailean sortu zuten Sumendi Filmak ekoiztetxea, eta ordutik bi film labur ekoitzi dituzte Galapan Productions ekoiztetxearekin elkarlanean. Lehen film luzea prestatzen ari diren honetan, nola lan egiten duten azaldu digute, eta etorkizunera begira, zein asmo dituzten. Durangoko anaiei egindako elkarrizketaren bigarren zatia.

“Oraingoz bi modu ditugu istorioak kontatzeko: guregandik irtendakoak eta kanpotik hartu eta gure egindakoak. Zer kontatu? Ba unean unekoa! Motibatzen bagaitu, ondo. Euskaraz bada, hobeto. Inguruko talentuarekin bada, hobeto. Hobeto diot, gure bulkada delako horrela kontatzea. Orain, beste leku batzuetatik badatoz edo eraman behar baditugu, egingo dugu”, dio argi Anderrek, ekoiztetxearen ardura nagusia berak baitarama.

Enekoren lana, ostera, talde artistikoa diseinatzea izan da orain arte: “Oso asebetegarria da niretzat aktore gisa zenbat jende ezagutu dudan ikustea eta gure lan txikietan parte hartzeko prest daudela jakitea. Epe labur/luzera elkarlanean aritzeko modu bat da. Beti ere, gure belaunaldiko jendearengan begi bat jarrita, lehen aukerak behar dituztenengan. Egon badagoelako jende hori, eta gure aterpeak balio badu pertsona horiek lehen lerrora ekartzeko, oso pozgarria izango da”.

Badakite ekoiztetxe bat mantentzea zaila dela, bereziki lehen urteetan, baina esfortzua egiteko prest daude, eta bizitakotik ikasi nahi dute: “Ea zortea dugun, eta bestela, esperientzia polit bat izango da!”.