Ixone Santamaria Vidan gasteiztarrari erreleboa hartuko dio uztailean Txomin Lasa Manterola Zeanuriko gazteak, VII. Kritika Lehiaketa irabazi ostean. Eneko Olasagasti aktore eta gidoilariak, Lur Olaizola zinema programatzaile eta zinemagileak eta Ander Makazaga kazetariak osatutako epaimahaiak Hil kanpaiak (Imanol Rayo, 2020) filmaren iruzkinari eman dio puntuaziorik altuena, eta jasotako lanen artean nabarmendu da. Eskerrik asko deialdian parte hartu duzuen guztioi, benetan pozgarria da urtero-urtero ekimenari ematen diozen erantzuna ikustea!

Uztailaren 7koa izango da Txomin Lasa Manterolak ZINEA atarian argitaratuko duen lehen kritika, Ixone Santamaria Vidanek ekainarekin batera amaituko baitu gurean egindako urtebeteko ibilbidea. Ikusitako filmen tonuarekin josten zituen kritika ederrak oparitu dizkigu urte osoan zehar, irudiek iradokitako hausnarketak eta eragindako emozioak partekatzearekin batera, eta plazer hutsa izan da astero-astero gasteiztarraren hitzak irakurtzea. Mila esker Ixone, zoragarria izan da zu lantaldean izatea!

Aurrerantzean, 2022ko ekainera arte, Lasa Manterola izango dugu kritikari lanetan atarian, eta VII. deialdira aurkeztutako Hil kanpaiak filmaren inguruko testuak iradokitzen duenaren haritik, kalitatezko argitalpenen bidea jarraituko dugu datozen hamabi hiletan. Ongi etorri, Txomin!

Gurekin kolaboratu duten lagunen zerrendak gizentzen jarraitzen du: Uxue Arzelus izan zen aurrenekoa, Aritz Sorzabal bigarrena, Mikel Zumeta etorri zen ondoren, Zigor Etxebeste jarraian, Sara Hernandez 2019an, eta Ixone Santamaria izango da azkena, datorren astean. Oso eskertuta gaude guztiekin, eta harremanak luze irautea espero dugu. ZINEAko ateak beti izango dituzue zabalik.