Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, 2020ko Kimuak katalogoa osatzen duten zazpi laburrak Edinburgon eskainiko dituzte gaur, ekainak 18, eta hilaren 25era arte, programazioaz online gozatzeko aukera izango da aurrenekoz Erresuma Batuan, FesthomeTV plataformaren bidez. CinemaAttic jaialdiaren bidez egingo dute saioa Eskoziako Institutu Frantziarrean.

Euskadiko Filmategiak, Zineuskadiren eta Etxepare Euskal Institutuaren bidez, kudeatzen duen programa da Kimuak, urtero-urtero, Euskal Herrian ekoitzitako film labur interesgarrienak biltzen dituen katalogoa. Zinema iberoamerikarra Eskozian sustatzeko helburua duen CinemaAttic jaialdiak, bere aldetik, hamar urtetik gora daramatza lanean, eta Etxeparerekin elkarlanean aritzen da nazioarteko programazioetan euskal sorkuntzari leihoak irekitzeko.

Bada, CinemaAtticen eta Etxepareren arteko hamarkada bateko ibilbideari jarraiki, 2020ko katalogoaren zuzeneko emanaldia egingo dute gaur, ekainak 18, 18:45ean Edinburgon, Eskoziako Institutu Frantziarrean. Bertan bistaratuko dituzten lanen artean dira asteburuan Malagako Zinemaldian saritu zituzten Marina Palacioren Ya no duermo eta Pablo Hernandoren El ruido solar, baita Paul Urkijoren Dar-dar, Hauazkena taldearen Ehiza, Larry Mankusoren eta Tucker Dávila Wooden Barbudos, Silvia Rey eta Iban del Camporen Interior taxi noche, eta Koldo Almandoz eta Maria Elorzaren Quebrantos ere.

Dena den, gaurko saiotik harago, Erresuma Batuan filmez gozatzeko aukera astebetez luzatzea erabaki dute aurtengoan, eta ekainaren 25era arte, FesthomeTV plataformaren bidez, online ikusteko aukera izango da. Hala, Eskoziaren eta Euskal Herriaren arteko lotura indartzen jarraitzeko asmoa dute, hamar urteko “maitasun-harremanean errespetua eta mirespena areagotu” baitira.