Destello bravío
Malagako Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia zein muntaketa onenarena eskuratu ditu Ainhoa Rodríguezen drama fantastikoak. Nekazal giroko Extremadurako herrixka bateko emakumeak amaierarik gabeko apatia egoeran bizi dira, zoriontsu egingo dituen esperientzia askatzaileak bizitzeko gogoz. Isa, Cita eta María dira filmeko protagonistak, Guadalupe Gutierrez, Carmen Valverde eta Isabel Maria Mendoza aktoreek antzeztutako pertsonaiak. Hustutako Espainiako andrazkoen errealitateren erretratu magnetikoa.
.
In the Heights (En un barrio de Nueva York)
Brodwayko musikal homonimoan oinarritutako filma estreinatuko du asteburuan Jon M. Chuk zinemagileak. Dominikar Errepublikara itzultzearekin amets egiten duen New Yorkeko Washington Heights auzoko biltegi bateko jabe Usnavi da filmeko protagonista, amonak hezitako gaztea. Jatorri latinoa duten familietako gazte askorentzat egin du amonaren papera Claudiak, baita Vanessa eta Nanirentzat ere. Lehenarekin zeharo maiteminduta dago Usnavi, eta bigarrena auzora itzuliko da denbora luze baten egon ostean. AEBtako etorkin latinoen belaunaldi berriei buruzko komedia erromantikoa, Anthony Ramos, Corey Hawkins, Melissa Barrera eta Leslie Grace aktore ezagunen, besteak beste, parte-hartzearekin.
.
Favolacce (Queridos vecinos)
Damiano eta Fabio D’Innocenzo anaiek Erromaren aldirietan bizi diren familien egoerari buruzko lana osatu dute, Berlingo zinema jaialdian gidoi onenaren garaikurra erdietsi zuen drama italiarra. Tentsioa nabari da giroan, edozein unetan egin dezake eztanda, eta haurrak ere egoeraren larritasunaren jakitun dira. Proposamen misteriotsu bezain zirraragarria.
.
Lola
Laurent Micheli sortzaile belgikarrak 18 urteko Lola gaztearen eta Philippe aitaren bidaia du hizpide, zendu berri zaien ama eta emaztearen errautsak Iparraldeko Itsasoan zabaltzeko egingo duten auto-bidaia, hain zuzen. Aita-alaben arteko harremana, baina, erabat gaiztotuta dago. Bi urte lehenago, Lola Philippe zenean, aitak etxetik bota zuen, eta harrera etxe batean bizi da ordutik Lola, Samir lagunarekin. Transexualitatearen gaia modu paregabean landuko duen film hunkigarria.
.
Bienvenidos a España
Inmigrazioari buruzko dokumentala osatu du, bere aldetik, Juan Antonio Moreno Amador zuzendari espainiarrak. Sevillako Torreblanca auzora heldutako etorkinen istorioak ditu ardatz; Gabon garaian, Maravilla putetxea errefuxiatuentzako aterpe bilakatuko da, eta jatorri anitzeko herritarrek espainiarrak ezagutzeko ahaleginak egingo dituzte, haien ohituretara egokitzeko eta bizileku berria etxe sentitzeko. Kanadako Hot Docs dokumentalen jaialdi garrantzitsuan estreinatu du Moreno Amadorrek lana.
.
La escopeta nacional
Luis Garcia Berlanagaren trilogiaren baitan, 1978an kaleratu zuen komedia beltzaren berrestreinaldia. Atezain elektronikoak ekoizten dituen gizon katalanak Madrilera egingo du bidaia bere maitalearekin. Klase altuko jendearekin harremanetan jartzeko, ehizaldia antolatu du Leguinecheko markesaren lursailean, eta bere negozioa promozionatzeko asmoa du bertan. Baina ezagutuko dituen pertsonaia bereziek eta bizitako egoera zentzugabeek oso bestelako ondorioak ekarriko dituzte.
.
Entre perro y lobo
Berlingo, Shanghaiko eta Gijongo zinema jaialdietan hartu du parte, ostera, Irene Gutiérrez sortzaileak Kubako iraultzaren inguruan osatutako dramak. Angolako Gerrako hiru soldadu beterano Kubako ohianean bizi dira, garai bateko bizimoduari jarraiki, etsaiaren aurka borrokatzeko prest. Munduaren bilakaeraren aurrean entzungor, entrenamenduak terapia bilakatu dituzte, gerrari lotutako bizimoduak indartsu eta gazte jarraitzen dutela sinestarazten baitie.
.
The Last Bus (El inglés que cogió una maleta y se fue al fin del mundo)
90 urteko Tom Harper erretirodunak zendu berri den Mary emazteari eginiko promesa betetzea erabakiko du: Britainia Handiko iparraldeko muturreko herrixka txikitik hegoaldeko muturrean dagoen sorterrira egingo du bidaia, autobusean bidaiatzeko doako txartela erabiliz. Hala, mundu modernoa eta kultura britainiarraren egungo aberastasuna ezagutuko ditu, eta haren bidaia jarraituko duten norbanakoen bidez, ospetsu egingo da sare sozialetan. Gillies MacKinnon zinemagileak gidatutako filma, Timothy Spall aktorea protagonista duena.