Zuzendaria: Oskar Alegria

Urtea: 2019

Herrialdea: Euskal Herria

Luze galdutako haurtzaroaren paradisura begira topatzen du Oskar Alegriak zumiriki, agertu eta desagertzen den irla mirakuluzkoa. Fantasia hutsetik haratago, Arga ibaiko hertz isolatuan eraikitzen du etxola Alegriak, haurtzaroko jolasen lekuko izan zen irlaren parean, inguruan presa bat eraikitzearen ondorioz, urak irentsitako lur desagertua baino ez dena gaur egun. Iraganaren, orainaren, eta bien arteko zubia den memoriaren eskutik, lau hilabetez biziko da Alegria ibai hertzeko etxolan, zenbait animalia kuxkuxero eta bi oiloen konpainia soilaz, irla izandakoaren zantzu bakarrak diren zuhaitz luzangekin batera.

Kamera estenopeikoen funtzionamenduaren gisa, bere etxola ilunaren zirrikituetatik begiratuko du Oskarrek natura, horren distira harrapatu eta modu hunkigarrian ikusleari eskainiz. Kosmos berezi honetan murgilduta, Oskar entzun, ikusi eta bere esku trebea antzemango dugu, oihanean zehar barreiatu zituen hainbat kamerek bildutako irudietan. Bere egonaldi bakartiaren xehetasunak biltzera mugatu ez, eta kontakizun zeharo eskuzabal eta anitza konposatzen du nafarrak. Hala, ingurunearekin nahastuz, subjektu ugariko bilbe aberatsa onduz doa, lurraldeko izaki bizidun orori bere unea eskainiz: gaueko animalien joan-etorriei, ezusteko bisitariei, haurtzaroko irla izan zena ferekatzen duen uraren jarioari edota zuhaitzen arteko espazioari.

Oskarrek basotik kanpo ere garamatza Zumiriki-n (2019). Izan ere, arbolen adarrak bezalaxe, erro beretik sortu eta hamaika bide ezberdinetara zuzentzen dira istorio hau osatzen duten pasarteak. Aparteko aipamena merezi dute pasarte horietako batzuek, hala nola, idi gidarien filmazio zaharren soinua berregitearena edo euskal Pirinioetako zenbait artzainekin emandako azken gauarena. Benetan zoragarriak, haien kabuz film labur itxurosoak izan zitezkeen biak.

Filmak bi orduko iraupena du eta doinu kontenplatiboa uneren batean luzetxoa gerta badaiteke ere, orokorrean, dinamismoak eta ironia puntu freskoak gidatzen dute zintaren jarioa. Esan bezala, eskertzekoa da basoko egunerokotasunetik haratago eramatea narrazioa, alor esperimentalera hurbilduz, aterabide anitzen lanketaren eta narrazio lineala apurtzearen eskutik. Hala eta guztiz ere, hasieratik aldarrikatzen du Oskarrek filmatzeak behar duen pazientzia; eseri eta mundua bere horretan harrapatzeko prozesu geldoaren xarma. Premisa horri jarraiki, ikusle ixil eta konprometituak bihurtuko gara gu ere, Oskarren haurtzaroaren zentzuak edo aspaldi desagertutako behi misteriotsuaren mugimenduak gertutik miatuz.

Zumiriki film txukuna izateaz gain, esperientzia ederra ere bada, pasa den ostegunean, ekainak 10ean, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean ikusgarria egon zena. Zumiriki oihanetik hirira eta hiritik oihanera botatzen den begirada da, bien arteko distantzia material zein sinbolikoa nolabait birrintzeko apustua. Izan ere, ibai hertzeko txoko hartatik, haurtzarotik hain gertu eta, aldi berean, hain urrun, lausoak dira gauzen arteko mugak: gizona eta animaliarenak, etxea eta naturarenak…  Finean, horixe dugu filmaren mamia, zumirikiren magia.