Lander Garro sortzailearen Tipularen sehaska kanta dokumental berria finantzatzeko crowdfunding kanpaina jarri dute abian Verkami plataformaren bidez. Sare Herritarrak eta Gastibetza Filmak ekoiztetxeak sustatutako proiektua da, eta 16.000 euro bildu nahi dituzte gaitza espetxean nola bizi den erakutsiko duen ikus-entzunezkoa garatzeko.

“Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarengana joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da” hitzekin aurkeztu du proiektua Garrok. Dokumentalaren izenburua Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik dator, eta analogia historikoa eginez, osasun eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratzeko asmoa du sortzaileak. Horretarako, kartzelan gaixo egondakoen esperientzia jasoko du, baita haien senideek bizitakoa ere.

Giza Eskubideen alde dauden norbanakoak saretzeko bokazioa duen Sare Herritarra eta Gastibeltza Filmak Senpereko ekoiztetxea dira proiektuaren sustatzaileak, eta 16.000 euro biltzeko crowdfunding kanpaina abiatu dute Verkami plataforman. Lerro hauek idazterako unean 6.000 eurotik gora bildu dituzte, eta ekarpenak egiteko epea hilabetez luzatuko da. Jasotako diruarekin, hain zuzen, dokumentalaren ekoizpen, edizio, itzulpen eta banaketa gastuak estali nahi dituzte. Uztaila eta iraila artean egingo dituzte lanok, eta azken emaitza iraila eta azaroa artean estreinatzeko aurreikuspena dute.

Literaturan eta ikus-entzunezkoetan ibilbide luzea duen Garrok iaz aurkeztu zuen zuzendari gisa osatutako lehen dokumental luzea Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak antolatutako emanaldi berezian, 2 urte, 4 hilabete eta egun bat. Intsumisioaren inguruko ekoizpena IZAR Films eta Labrit Multimedia ekoiztetxeek garatu zuten, eta Euskal Herriko hamaika txokotan izan da ikusgai azken hiletan.