Garbiñe Ortegari erreleboa hartuko dio datozen asteetan Manuel Asín zinema-programatzaile, argitalpen-editore, irakasle eta idazle zaragozarrak, 2022-2025 aldian Iruñeko Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistikoa izango baita. NICDOren lizitazio publikoan hautagaitzarik baloratuena izan da berea, tartean, jaialdiaren ibilbideari egingo dion ekarpena “oso aberasgarria” izango delakoan.

Manuel Asín Elias Querejeta Zine Eskolako irakasle titularra da uneotan, baita Madrilgo Master LAV zinema esperimentalaren eta ikus-entzunezko arte garaikidearen laborategian ere. DocLisboa eta Márgenes jaialdietako kritika eta ikerketarako RAW egoitzetan tutore gisa ere aritzen da, eta Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko zinema alorraren arduraduna da. Zikloak ekoitzi ditu filmoteketarako, jaialdietarako eta erakunde artistiko zein zinematografikoetarako, eta Nafarroako Unibertsitatea Museoan programatzaile gisa aritu da orain arte. Hainbat jaialditan epaimahaikide gisa ere hartu du parte.

Punto de Vista jaialdiak Garbiñe Ortega zuzendari artistikoaren ordezkoa bilatzeko lizitazio publikoa zabaldu zuen iragan martxoan, eta aurkeztutako proposamenen artean, Asínena gailendu da, nagusiki, “profila oso egokia delako eta prestakuntza zein esperientzia zabala dituelako, erakunde ugarirekin egindako lankidetzen bidez”. Gainera, Punto de Vistaren proiektuaren azterketa osoa, zehatza eta sendoa eskaini duela nabarmendu du balorazio batzordeak, eta etorkizunerako proposamen argia egin duela, gizarte-gaietan, inklusioan eta berdintasunean interes handia erakutsiz. “Horrek guztiak pentsarazten digu jaialdiaren ibilbideari egingo dion ekarpena oso aberasgarria izan daitekeela, eta oso eragin positiboa izan dezakeela festibalaren nortasun eta nazioarteko irismenaren bilakaeran eta finkapenean”.

Programatzaile eta irakasleak, bere aldetik, jaialdiaren jatorrian dagoen abangoardiaren eta errealitatearen arteko aliantzan sakontzeko konpromisoa azaldu du, nazioarteko ez ezik, internazionalista ere baden proiektuaren bidez. Karguak lau urteko iraupena du, eta 2018az geroztik jaialdiaren zuzendari exekutiboa den Teresa Morales de Álavarekin elkarlanean ariko da orain. Bere lehen egitekoa hautaketa batzordea deitzea izango da, martxoaren 14tik 19ra egingo duten 2022ko Punto de Vista jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko diren lanak aukeratu ahal izateko, eta laster batuko da lantaldera.