Uztailaren 6tik 17ra luzatuko da aurten Cannesko Zinemaldi entzutetsua, eta Film Laburren saileko zein zinemagile berriei eskainitako Cinefondation ataleko epaimahaikide izango da Elias Querejeta Zine Eskolako zuzendari Carlos Muguiro. Cinefondation saileko aurtengo edizioan, gainera, Gonzalo Quincoces bilbotarraren La caída del vencejo laburra lehiatuko da, beste hamasei proiekturekin.
Pandemiak eraginda, udaberrian egin ohi duten Cannesko Zinemaldiaren 74. ekitaldia uztailaren 6tik 17ra ospatuko dute aurtengoan. Programazioari lotutako xehetasunak ezagutarazten ari dira azken asteetan, eta atzo, ekainak 15, iragarri zuten Film Laburren eta Cinefondation sailetako epaimahaia. Film Laburren atalean lehiatuko diren hamar proposamen artean Urrezko Palmorria banatzea izango da epaimahaikideen ardura nagusietako bat, nazioarteko zinema eskoletatik jasotako hamazazpi proiektuen artean hiru garaikur banatzearekin batera.
Bada, epaimahaia hiruna emakume eta gizonek osatu dute: Kaouther Ben Hania gidoilari eta zinemagile tunisiarrak, Tuva Novotny zinemagile eta aktorea suediarrak; Alice Winocour zinemagile frantziarrak, Sameh Alaa zinemagile eta ekoizle egiptoarrak, Nicolas Pariser zuzendari eta gidoilari frantziarrak, eta Carlos Muguiro zinemagile eta irakasle euskaldunak, gaur egun Elias Querejeta Zine Eskolako zuzendaria ere badenak.

Gonzalo Quincoces.
Eta Cinefondation atalean, hain zuzen, ordezkari euskaldun bat izango da lehian: Gonzalo Quincoces bilbotarra. ESCAC Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezko Goi Mailako Eskolan egin ditu ikus-entzunezko ikasketak, eta karrera amaierako lan gisa aurkeztu duen La caída del vencejo laburra Cannesen lehiatzeko hautatu dute, nazioarteko eskoletako beste hamasei ordezkarirekin batera.
Filma 80ko hamarkadako Bizkaian kokatzen da, eta familia giro itogarria jasan ezinik, etxetik ihes egitea erabakiko duen Kepa gaztea du protagonista. Gau horretan bertan, Keparen adiskideek protesta eraso bat prestatuko dute ontziolen itxiera salatzeko.
Informazio osagarria Cannesko Zinemaldiaren webgunean dago eskuragai.