Ander eta Eneko Sagardoy anaiek 2020ko uztailean sortu zuten Sumendi Filmak ekoiztetxea. Anderrena izan zen enpresa garatzeko bulkada, idazten zituzten proiektu txikiak azken bururaino eraman ahal izateko, eta orain arte bi labur garatu dituzte Galapan Productions kideekin elkarlanean. Aitor Gametxok zuzendutako Berak baleki laburra, hain zuzen, 2021eko Kimuak katalogorako hautatua izan berri da.

Ander Sagardoyk Zuzenbidea eta Enpresaritza ikasketak egin zituen, baina nekatuta zegoen enpresa mota jakin batean lan egitearekin. Anaia ikus-entzunezko sektorean zein gustura eta asebeteta zebilen ikusita, jauzia egitea ebatzi zuen. “Zinemaren munduan sartzeko aukerarik ote nuen galdegin nion Enekori, eta ekoizle postua gomendatu zidan. ESCAC Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Mailako Eskolan egin nuen masterrarekin hasi nuen bidea, eta industria honen atzean zer dagoen ikasten ari naiz duela bi urtetik”.

“Sumendiren sorreraren bulkada handiena Anderrek izan zuen”, gaineratu du Enekok. “Nik pentsatu izan dut proiekturen bat nigandik abiatzea, baina ez nuen ekoizle moduan lanean hasteko beharrik sentitzen, are gutxiago, nire anaiarekin ekoiztetxe bat sortuta! Anderrek prozesua naturalizatu du, eta izen handietatik harago, lana zein oinarrizkoa den erakutsi dit. Eta sinestarazi dit ekoizlearen lana eskuragarri dagoela, ezjakintasunetik abiatuta, bide handi eta luzea zelakoan nengoelako”.

Haiekin izan gara Donostian, eta jarraian duzue elkarrizketaren lehen zatia. Gozatu!